Albisteak

Udalak emakumeei zuzendutako aholkularitza juridiko zerbitzu berria izango du martxan azaroaren 29tik aurrera

Zerbitzua aurrez aurreko kontsulta bidez eskainiko da Emakumeon Etxean, asteazkenetan, hamabostean behin, 16:00etatik 18:00etara

2023·11·21


Sarritan etxean bikotearekin edo seme-alabekin, lanean lankideekin edo arduradunarekin edo beste edozein egoeratan gatazkak, diskriminazio-egoerak, zapalkuntzak edo eskubide-urraketak jasaten ditugu. Egoera horiei aurre egiteko ezinbestekoa da gure eskubideak edo legez dauzkagun aukerak ezagutzea. Halakoetan, abokatu baten aholkularitza lagungarria izaten da, informazioa jasotzeko eta dauzkagun aukerak argi izateko. Gatazka-egoera horietan, ordea, oreka emozionala mantentzea ez da erraza izaten, prozesu gogorrak, mingarriak eta batzuetan luzeak izaten baitira eta ahalegin izugarria da abokatu bat bilatzea eta haren kontsultara joateko indarra eta ausardia gureganatzea.

Testuinguru zail horietan bidea errazteko Udalak zerbitzu berri bat abiatuko du herriko emakumeek gai anitzekin lotutako gatazkei buruzko aholkularitza juridiko espezializatu bat izateko eskubidea bermatzeko helburuarekin.

Herriko emakumeei zuzendutako zerbitzua da eta edozein adinetako neska, nerabe edo emakumeek zerbitzu honen bidez gai konplexuei buruzko kontsultak egin ahalko dituzte hainbat arlotakoak: familia arlokoak (banaketak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak...), indarkeria matxistari buruzkoak (indarkeria egoerak detektatzeko, eskubideak ezagutzeko, erasoei buruzko prozesu judizialak eta horiek izan ditzaketen ondorio eta eraginak,...), lan eremukoak (etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa...), atzerritartasunari buruzko kezkak eta gatazkak edo gai zibil eta penaletan bestelako kontsultak.

Aholkularitza juridiko zerbitzu horrek aukera emango die emakumeei epairik gabeko espazio seguruan entzunak izateko, dauzkaten eskubideak eta gatazkei aurre egiteko tresnen berri izateko, erabakiak hartzeko segurtasuna eta motibazioa handitzeko eta baliabideak antzemateko, autoestimua handitzeko, eraso matxisten kasuak detektatzeko edo/eta bestelako zerbitzu publikoetara bideratuak izateko.

Zerbitzua konfidentziala, doakoa eta pertsonalizatua izango da, bakoitzaren egoera zehatzak aztertuko dira, bakoitzaren eskubideak eta horiek bermatzeko bide egokienak adieraziz. Emango den arreta aurrez aurrekoa izango da eta aditu baten laguntza eta aholkularitza izango dute zerbitzuaren erabiltzaileek, beti ere, ikuspuntu feministatik.

Zerbitzua martxan azaroaren 29an

Lehen kontsulta-eguna azaroaren 29an izango da eta 2024ko ekainaren amaiera arte egongo da indarrean. Aurrez aurreko arreta zerbitzua asteazkenetan eskainiko da, hamabostean behin, 16:00etatik 18:00etara, Emakumeon Etxean. Urtarriletik aurrera aldiz, zerbitzua astelehenetan eskainiko da, hamabostero, toki eta ordu berean. Beharrezkoa da aldez aurretiko hitzordua eskatzea (emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatzita edo 648 41 71 54 telefonora deituta. Hitzordu bakoitzak gehienez ere ordubeteko iraupena izango du.

Informazio gehiago udal webguneko Berdintasuna atalean