Udalak diruz lagunduko du adingabeen garapenaren esparruan sortzen diren premien tratamendua
2023·02·16
Dirulaguntzak bi ildo izango ditu: ikasgai tronkaletan errefortzu akademikoa; eta hezkuntza-premia bereziko tratamenduak. Bi lerroak bateragarriak dira. Udalak orotara 40.000,00 euro jarriko ditu.
Laguntza berri hauen helburua da garapen-prozesuan zailtasunak dituzten edo zailtasunak izateko arriskuan dauden adingabeei (0-17) tratamendu profesionalen kostuan laguntzea (fisioterapia terapeutikoa, terapia okupazionala, osteopatia, logopedia, psikomotrizitatea...) edo/eta errefortzu akademikoan.
Kontxa Etxeberria foroan gai horren inguruko kezka azaleratu zen eta horri buruzko gogoeta egin zen. Agerian geratu zen adingabeen kasu askok arreta goiztiarra edo tratamenduren bat jaso beharko luketela garapen-prozesuan dituzten beharrei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen arreta goiztiarra motz geratzen dela (0-6 urte) eta itxaron-zerrenda luzea izaten dela ikusita, Udalak tratamenduak ordaintzeko zailtasunak dituzten herriko familiei laguntzeko ideia sortu zen, haur guztiek beren garapen-beharrei erantzun ahal izan diezaieten. Hala, laguntza ekonomiko horien bidez, adingabeen garapen-zailtasunak murriztu eta saihestu nahi dira, eta, bide batez, horien eraginak eta ondorioak.
Tratamendua eta/edo errefortzua hezkuntza, osasun edo gizarte-zerbitzuen babes-sistemetako profesionalek proposatu behar dute beti, hau da, horietako batek agindu behar du. Eskatzaileak profesional horren ziurtagiria aurkeztu beharko du eskabide-orriarekin batera, baliozkoa izan dadin. Eta adingabea osasun, hezkuntza edo bestelako sistemaren baten hartzaile izan badaiteke ere, dagokion sistemaren eskaera egina izan beharko du laguntzen eskatzaile izateko.
Dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste, ekonomikoak; eta, ildo bakoitzean, jaso daitekeen gehieneko kopuruak ezartzen dira.
Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 17an irekiko da, eta urte osoan zehar egongo da zabalik. Dirulaguntzak partiden zenbatekoa agortu arte emango dira. Udalak 40.000,00 euro aurreikusi ditu dirulaguntza berri hauetarako.