Albisteak

Atzealdea Udalak dekretua onartu du alarma egoeran txakurren paseoak arautzeko

Ezarri diren arauen helburua da txakurren behar fisiologikoak egiteko aukera ematea eta beste animalia eta pertsonekin kontakturik ez izatea.

2020·04·01


Animalien Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak hainbat jarrabide eta gomendio eman ditu konpainiako animaliei eta horien zaintzaileei buruz, koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoera arautzen duen Errege Dekretuan ezarritakoa zehazteko. Besteak beste, paseoak segurtasunez egiteko neurri hauek betetzea komeni da:

  • Paseo laburrak egin, animaliaren behar fisiologikoak egiteko beharrezkoa den denbora soilik.
  • Saihestu kontaktua beste animaliekin eta pertsonekin.
  • Garbikaria duen ur botila eraman, txakurrak txiza egin ondoren ingurua garbitzeko; txakur kaka jasotzeko poltsak eraman eta erabili.
  • Jende gutxi dabilen uneetan atera.

Jarraibide horien aplikazioan hainbat gorabehera eta zalantza sortu dira Astigarragan, txakur jabeen aldetik nahiz udalaren aldetik, hala nola: behar fisiologikoak egiteko paseoak behar duen denbora, egunean zenbatetan, paseo hori egiteko eremua eta abar. Ibai parkearen eremuaren inguruan bereziki gorabehera ugari gertatu dira.

Hori dela eta, dekretu honen bidez udalak jarraibide horiek zehaztu nahi ditu, neurri horien helburua betetzeko. Neurri horien helburua bikoitza da: batetik, txakurren behar fisiologikoak asetzeko aukera eskaintzea eta, bestetik, beste animalia eta pertsonekin inolako kontakturik ez izatea.

Hona hemen dekretuak ezarri dituen arauak (dekretua osorik ikus dezakezu amaieran):

  • Paseoaren iraupena izango da animaliaren behar fisiologikoak egiteko beharrezkoa den denbora soilik. Egunean gehienez 3 egin daitezke eta bakoitza gehienez 15 minutukoa.
  • Txakurrak lotuta ibiliko dira, beti.
  • Txakurrek ez dute inolako kontakturik izango elkarrekin eta beste pertsonekin.
  • Jende gutxi dabilen uneetan atera behar da kalera txakurrarekin.
  • Paseo hori egingo da txakur jabearen etxebizitzaren inguruetan.
  • Aiotzategi, Kontxa Etxeberria eta Urumea kaleko bizilagunek Ibai Parkean horretarako zehaztu den eremua erabili ahal izango dute. Eremua zehaztu da bazterreko eremuak kontrolatzea zaila delako eta orain arte arau-hausteak bazterreko eremuetan egin direlako; dekretu honen I. eranskinean zehazten da plano hori.
  • Garbikaria duen ur botila eraman behar da, txakurrak txiza egin ondoren ingurua garbitzeko (asfaltoa bada); txakur kaka jasotzeko poltsak eraman eta erabili.
  • I eranskineko planoa

Alarma egoeran txakurren paseoak egiteko jarraibideak.