Albisteak

Atzealdea Udalak arratoiak hiltzeko zerbitzua indartu du

Kontratatuta duen ohiko zerbitzua indartu da, eta jarduketa berezi bat gehitu zaio, hau da, abenduaren 1etik aurrera, tranpak jarriko dira herriko hainbat gunetan. Horiek itxita eta seinaleztatuta egongo dira, eta herritarrei seinaleetako jarraibideak betetzeko eskatzen zaie.

2025·11·29


Garai batetik hona, Astigarragako kaleetan arratoiak daudelako abisuak ugaritu egin dira. Fenomeno hori ez da Astigarragan bakarrik gertatzen, eskualde-mailan ere gertatzen ari da, eta deserosotasun nabarmena sortzen du herritarren artean.

Astigarragako Udalak aspalditik dauka kontratatuta arratoiak hiltzeko zerbitzu bat, asteroko abisuei erantzuteko. Zerbitzu horrek astero artatzen ditu arratoiak ikusi diren eremu publikoak, eta nagusiki karraskariek erabili ohi dituzten lurpeko sareen kutxatiletan eta erregistroetan pozoia uztean datza. Kontuan izan behar da pozoia leku ezkutuetan utzi behar dela, haurren, txakurren edo beste animalia batzuen arriskuak saihesteko.

Ohiko zerbitzu honek egungo arazoari erantzun egokirik ematen ez dionez, Udalak zerbitzua indartu du. Ohiko zerbitzu indartuarekin jarraituko da, eta beste jarduketa bat egingo da abenduaren 1etik aurrera; hau da, tranpak jarriko dira begiztatze gehien izan diren eremuetan. Modu egokian itxiko dira eremuak, eta seinaleztatu egingo dira. Itxitako guneetara ez hurbiltzeko eta seinaleetako jarraibideak betetzeko eskatzen zaie herritarrei.

Ohiko zerbitzua indartzearekin eta jarduketa berriarekin arazoa konpontzea espero bada ere, emaitzak lortuko ez balira, Udalak beste indartze-plan bati ekingo lioke.