Albisteak

Atzealdea Udalak argazki bildumen lehiaketa abiatu du 2027ko udal egutegia osatzeko

2
Argazkilari bakoitzak 13 argazkiko bilduma bat aurkeztu behar du, gaia egile bakoitzak aukeratuko du eta argazki guztiek gai berarekin lotuta egon behar dute. Argazkiak aurkezteko epea urrian zabalduko den arren, herritarrak argazkiak egiten has daitezke

2026·04·01


Astigarragako Udalak argazki bildumen lehiaketa antolatu du 2027ko egutegia osatzeko. Datorren urteko egutegirako gaia librea izango da, argazkilari bakoitzak bere gaia aukeratuko du, eta gai horren inguruan egingo ditu aurkeztu beharreko argazki guztiak, hau da, azalekoa eta beste hamabiak. Argazkiek, gaiarekin zerikusia izateaz gain, Astigarragan ateratakoak izan behar dira.

Lehiaketan 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.

Lehiaketaren faseak

Argazkiak aurkezteko epea urrian zabalduko da, eta epaimahiaren erabakia eta sari-banaketa azaroko bigarren hamabostaldian egingo dira.

Ondoren, argazkiak jasoko dituen udal egutegia abenduaren 15etik aurrera banatuko da Astigarragako udaletxean, Erribera kulturgunean eta Astigarragako Astiko merkatarien elkarteko establezimenduetan.

Sariak

Kultura Batzordeko kideek eta argazkigintzako aditu batek osatuko duten epaimahaiak hautatuko ditu argazkiak. Epaimahaiak bilduma bat aukeratuko du egutegirako, eta, argazkien kalitate teknikoaz gain, bildumako argazkien arteko batasun bisual eta estetikoa, egileak aukeratutako gaiarekiko lotura eta aukeratutako gaiaren ikuspegi aniztasuna eta originaltasuna baloratuko ditu.

Hiru sari emango dira:

  • Lehenengoa: 2.000 euroko saria emango zaio argazki-bilduma onenari (12 hilabete eta azala) eta argazkiak 2027ko udal egutegian argitaratuko dira.
  • Bigarrena: 300 euroko saria emango zaio bigarren bilduma onenari.
  • Hirugarrena: 150 euroko saria emango zaio hirugarren bilduma onenari.

Ikusi oinarriak xehetasunekin

1 2