Albisteak
Atzealdea Udalak akordioa itxi eta hitzarmena sinatu du AFADErekin Santio jaietako barrakak direla eta
2025·07·22

Bihar hasiko dira Santio jaiak eta jai egitarauan jasotzen diren haur eta nerabeentzako jarduerez gain, urtero bezala, barrakak martxan egongo dira. Uztailaren 23an 12:00etan zabalduko dira barrakak. Donostia ibilbidean kokatuko dira, bi biribilguneen artean (hezegunetik Nabarra Oñatzeko 9. zenbakiraino).
Jaien aurreko asteetan Udala AFADErekin (Euskadiko Ferietako Langile Autonomoen Elkartea) hitzarmenean jasotako baldintzak adosten eta negoziatzen aritu da. Bide publikoa okupatzeagatik ordenantza fiskaletan jasotzen den tasa ordaintzetik salbuetsiko dira ferialariak, Udalak eskatzen dituen hainbat baldintza betez:
Atrakzioen prezioak mugatzea
Uztailaren 24an, atrakzio guztien gehieneko prezioa, 1,50 eurokoa izango da fitxa bakoitzeko. Gainerako egunetarako (23, 25, 26 eta 27), honako prezio hauek adostu dira:
- Aparatu txikien fitxa gehienez 2,50 euro eta 8 fitxako bonua 14 euro.
- Aparatu handien fitxa gehienez 3 euro eta 8 fitxako bonua 15 euro.
- Txurroak: dozena bat, gehienez 6 euro.
- Tiroa eta ahate-arrantza 4 tiro- 1,50 euro/ 9 tiro- 10 euro.
Prezioak iazkoekin alderatuta igo badira ere, Udalak negoziatu du prezio horiek bi urterako izatea, hau da, 2026an ere prezio berak indarrean egotea, igoerarik gabe.
Hauek dira jaietan jarriko diren aparatuak:
- Pista txikia
- Lapiko txikia
- Erratza
- Baby
- Ohe elastikoak
- Puchinga
- Ahate-arrantza
- Lapiko handia
- Igela
- Ostikada-makina
- Zezenak
- Auto pista
- Tiroa
- Txurro denda
Ordu lasaia
Iaz, lehen aldiz, ordu lasaia ezarri zen barraketan, bi egunez, Santiago jaietan. Aurten, neurri hori indartu egin da, inklusioa bultzatu eta ahalik eta haur eta nerabe gehienek barrakez gozatzeko aukera izan dezaten, uztailaren 23tik 27ra, egunero, 17:00etatik 18:00etara, ez da musikarik jarriko eta ez da argirik piztuko barraketan. Horrela, egunero tarte batez, argiarekiko eta soinuarekiko hipersentikortasuna duten pertsonek ere barrakez gozatzeko aukera izango dute.
Euskara
Horrekin batera, eta urtero bezala, euskararen erabilerari buruzko neurriak ere adostu dira, hala nola, herritarrekin harremanak (idatzizkoak eta ahozkoak) euskaraz egiten saiatzea eta barraketan, aparatu guztietan, jartzen den musika % 100ean euskaraz izatea.
