Albisteak
2024·05·31

Astigarragan, une honetan, 248 familiak egiten dute konposta, etxekonposta eta auzokonposta barne. 70.000 kg inguru konpostatuko dira 2023an.
Zer da konposta?
Konposta egitea sukaldeko eta lorategietako edo baratzeetako hondakin organikoak landareentzako ongarri bihurtzea da. Parte-hartzaileek, etxean sortu duten biohondakina edukiontzi marroian utzi beharrean, konpostagailuan uzten dute.
Biohondakina kudeatzeko sistemarik jasangarriena da; batetik, hondakin hori sortzen den lekuan kudeatzeko aukera ematen duelako, eta, bestetik, ongarri gisa erabil dezakegun konposta lortzen delako. Horregatik, hondakinen tasan hobari bat aplikatzen zaie parte hartzen duten familiei.
- Etxe konposta
Etxe konposta egiteak esan nahi du etxean sortzen dugun material organiko horren konpostatze prozesua etxean bertan egingo dugula. Horretarako, etxebizitzak lursail bat izatea ezinbestekoa da.
Udalak, konposta egiteko beharrezko materiala (konpostagailua eta aireztagailua) eta informazioa eskaintzen du.
Konpostatze-prozesua parametro egokietan garatzeko beharrezkoak diren mantenu lanak norberak egin behar ditu (egituratzailea gehitu, aireztatu, beharrezkoa denean ureztatu, etab.).
- Auzo-konposta
Norberak etxean sortzen duen biohondakina, komunitatean konpostazea ahalbidetzen duen sistema da auzo-konposta. Kasu honetan, parte-hartzaileek ez dute lursailik izan behar, udalak espresuki horretarako prestatutako konpost guneak erabiltzen direlako. Parte hartzen duen familia bakoitzari formazioa eta auzokonposta gune bateko giltza bat emateaz gain, konpost hezitzailearekin harremana ere izango du.
Zerbitzuaren mantentze-lanak horretaz arduratzen diren udal-langileek egiten dituzte.
Udalak auzo-konposta egiteko lau gune ditu: Erribera plaza, Urumea Berri, Norberto Almandoz plaza eta Arrobitxulo auzoa.
Norbaitek konposta egin nahi badu, jarri harremanetan hondakinen bulegoarekin: hondakinak@astigarraga.eus/ 900 102 838/ 617 295 378
