Albisteak
Atzealdea Udala hainbat hobekuntza lan egiten ari da udal eraikinetan
2026·09·02

Udal eraikinetan hobetu beharreko hainbat alderdi antzeman dira eta udaletxean eta Erribera kulturgunean hobekuntza lanak bideratzera ekin zaio.
Udaletxeari dagokionez, lanik esanguratsuenak maiatzean hasitakoak dira, Osoko Bilkuren Aretoan egindakoak. Alde batetik, bertan zegoen tarima kendu da irisgarritasuna bermatzeko; era berean, gunea txukuntzeko lan txiki batzuk egin dira, hala nola, hormak margotu, egurra bernizatzea eta altzari batzuk kentzea. Bestetik, multimedia-sistema bat ezarriko da irudia eta ahotsa grabatzea ahalbidetuko duena.
Horrekin batera, eta irisgarritasuna hobetzearen ildotik, udaletxeko sarrerako atea ordezkatu da, ate automatiko bat jarriz, eta laister arraila elektronikoarekin funtzionatuko du. Bestalde, eraikinaren isolamendua hobetzeko, udan leihoak aldatzeko lanak egin dira. Azkenik, udaletxearen hormak margotzeko aprobetxatu da, kolore txuria aukeratu da argitasun gehiago emateko, eta harriari tratamendu berezia eman zaio.
Erribera kulturguneari dagokionez, hainbat hobekuntza egin berri dira. Alde batetik, erakusketa aretoan interpretazio-ekipo bat instalatu da, beharrezkoa denean aldibereko itzulpena egin ahal izatea ahalbidetuko duena. Orain arte, ekitaldi bakoitzerako ekipoak alokatu behar ziren eta interpretea areto berean egon behar zuen horrek sortzen dituen eragozpenekin. Hemendik aurrera, interpreteak alboko gela batetik lan egingo du, eta ekitaldian parte hartzen duten pertsonak ikusi eta entzun ahal izango ditu kameren eta entzungailuen bidez, itzulpena egiten duen bitartean. Era berean, sistema berriak hamar pertsonentzako petakak eta entzungailuak ditu, eta itzulpengintzarako ez ezik, entzumenean zailtasunak dituzten pertsonentzat ere balioko dute.
Bestalde, Astigarragako Udal Artxiboak, Erribera kulturgunean bertan kokatua, hobekuntza nabarmena izan du. Orain arte, dokumentazioa metalezko apalategi arruntetan gordetzen zen; eta orain apalategi mugikorrak instalatu dira, plataforma irristakorren gainean. Hauek segurtasun-sistema bat dute, iraultzea saihestu eta mugimendua blokeatzen duena, zapaltzeko arriskua murriztuz. Gainera, dokumentuak seguru gordetzeko, blokeatzen diren sarrailak dituzte.
Altzari mugikor horiek jartzeak izan dituen abantaila, biltegiratzeko ahalmena handitzeaz gain, dokumentuen kontserbazioa hobetzea izan da. Zehazki, modulu berriek 3.000 artxibo-kaxa baino gehiago biltegiratzeko aukera ematen dute, eta tenperatura eta hezetasun baldintza egokiak bermatzen dituzten higrometroak dituzte. Halaber, moduluak albo guztietan eta atzealdean itxita daudenez, dokumentuak hautsetik babestuta geratzen dira.
Azkenik, eta ingurumen-inpaktua murrizteko, instalatutako altzariek eko-efizientziako irizpideak betetzen dituzte, horrek esan nahi du produktuen bizitza baliagarriaren amaieran horiek berreskuratu eta berrerabiltzeko aukera dagoela. Era berean, erabilitako materialak, hala nola pinturak, bernizak eta beste elementuak ere, ekologikoak dira.
