Albisteak
Atzealdea Udala Arrobitxuloko bizilagunekin bilduko da igogailuaren eremuaren hiritartze proiektua aurkezteko
2023·11·03
2022ko abenduan Arrobitxuloko igogailua martxan jarri zenetik, lehen inguru horretan ez bezala, oinezkoen joan-etorri ugari daude egunero, batez ere astegunetan. Izan ere, ardatz horrek lotzen ditu Urumea Berri Herri Eskola eta kiroldegiarekin, bai igogailua erabiltzen dutenentzat, bai eskailerak erabiltzen dituztenentzat. Horregatik, egunero igarotzen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko asmoz, Udalak erabaki zuen lehen bi noranzko zituen errepidea norabide bakarrekoa bihurtzea. Arrobitxulora ibilgailuarekin sar daiteke, baina poligonotik irten behar da.
Ingurua hobetzeko eta urbanizatzeko, Udalak proiektu bat idatzi du, eta dagoeneko amaituta dago.
Bilera bizilagunekin
Udalak zuzenean azaldu nahi die Arrobitxuloko bizilagunei urbanizazio proiektua, ingurua nola geratuko den esateko. Horretarako, udal ordezkariek bilera egingo dute bizilagunekin azaroaren 9an, osteguna, 18:30ean, Erribera kulturguneko erakusketa aretoan.