Albisteak

Tuteran gertatutako erailketa matxista gaitzesteko adierazpena

Tuteran gertatutako Sara Pina Ieregiren erailketa dela eta, Astigarragako Udalak gaitzespena adierazi nahi du. Halaber, herritarrak gonbidatu nahi ditu bat egitera Emakumeon Etxeak antolatutako kontzentrazio deialdiarekin, gaur arratsaldean, urtarrilaren 13an, 19:00etan, Joseba Barandiaran plazan.

2022·01·13


Astigarragako Udalak bere gaitzespen irmoena azaldu du astelehenean Tuteran gertatutako Sara Pina Ieregiren erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die senideei eta biktimaren hurbilekoei.

Astigarragako Udalak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

Emakumeon Etxeak erailketa hau gaitzesteko elkarretaratze isila deitu du, gaur, urtarrilaren 13an, 19:00etan, Joseba Barandiaran plazan.