Albisteak

Trans eta LGTBI+ legearen inguruko mahai-ingurua ekainaren 27an

1
LGTBIQ+ Harrotasunaren eguna aldarrikatzeko hainbat ekintza antolatu dira herrian: mahai-inguruaz gain, Zinegoak jaialdiko hainbat film-labur eskainiko dira eta Gaztelekuko nerabeek LGTBIQ+ murala sortuko dute, besteak beste

2023·06·20


Datozen egunotan, ortzadarraren kolorez jantziko da Astigarraga: Udaletxeko fatxadan, kiroldegian, Gaztelekuan eta Erribera kulturgunean LGTBIQ+ bandera jarriko da. Ekainak 28 LGTBIQ+ Harrotasunaren eguna aldarrikatzeko asmoz, Udalak, Emakumeon Etxeak, Gazte Asanbladak eta Gaztelekuak antolatuta hainbat ekintza burutuko dira.

Gehitu, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkartearekin batera antolatu dugun “Trans eta LGTBI+ legearen inguruko mahai-ingurua” egongo da ekainaren 27an, 18:00etan, Erriberako erakusketa-gelan. Hizlariak honakoak izango dira: Brayan Altimasberes Alaminos (Loratuz Loratuko kidea, trans aktibista eta Hiruki Larroxako langilea) Josebe Iturrioz (aktibista transfeminista eta irakaslea) eta Asmi Molina (intersex aktibista eta Gehituko kidea); moderatzaile-lanetan Izei Etxeberria arituko da (aktibista trans asexuala eta Gehituko idazkaria). Mahai-inguruaren helburua bikoitza da: batetik, jendartean eztabaida piztu duen trans legea ezagutzera ematea, legearen lorpenak, gabeziak eta erronkak azaltzea; bestetik, mahai-inguruko hizlariek eta moderatzaileak euren bizipenak kontatuz, genero-identitate eta orientazio-sexual anitzetara gerturatzea. Mahai-ingurua euskaraz izango da eta aldibereko itzulpena egongo da gaztelaniara.

Bestalde, ekainaren 28an, 10:30ean, Gaztelekutik abiatuta Kultur Etxe Zaharraren azpian dagoen paretan “LGTBIQ+ murala” sortuko dute.

Azkenik, Bilboko Zinegoak, LGTBIQ+, 20. nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiko film laburren emanaldia eskainiko da ekainaren 30ean, 19:00etan, Erriberako terrazan, doan eta jatorrizko azpitituluekin. Honako film laburrak eskainiko dira:

  • Irrits (Euskadi)
  • Warsha (Libano-Frantzia)
  • Arnasa (Euskadi)
  • Dating internet strangers (Brasil)
  • Son (Espainia)
  • Ezohikoak (Euskadi)
  • It’s a gray, gray world (Iran)

Programa bateratua

LGTBIQ+ Harrotasunaren eguna aldarrikatzeko Hernanin, Donostian, Añorgan eta Oreretan antolatutako ekintzak programa bateratu batean jaso dituzte eta hemen deskarga daiteke.

1