Albisteak

Atzealdea Tortura psikologikoan murgiltzen gaituen “Karpeta urdinak” dokumentala abenduaren 14an ikusgai

Emanaldia doakoa izango da eta arratsaldeko 18:30ean proiektatuko da Erribera kulturgunean. Amaitutakoan zuzendariarekin solasaldia egingo da.

2023·12·05


Ander Iriarte zinemagile oiartzuarrak duela urtebete estrainatu zuen “Karpeta urdinak” dokumentalean torturaren Euskal Herriko errealitatea kontatzen digu, tortura psikologikoan azpimarra jarrita. Arrasto fisikorik uzten ez duen tortura mota horri erreparatzen dio bereziki eta sarritan sufritu dutenentzat ere ikusezina eta ohartezina izan den tortura horri arreta jarri nahi izan dio.

Alor pertsonaleko galdera batetik abiatu zuen proiektua Anderrek: biktima gisa aitortua ez izan arren, bere aita Joxe Iriarte “Bikila” torturatua izan al zen beste hainbat euskaldunekin gertatu ohi den bezala? Bere aitak komisaldegian benetan jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere susmoak argitzeko, 1960-2014 bitartean Euskadin izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko Eusko Jaurlaritzak egindako proiektua ezagutuko du. Ikerketa honetan argitaratutako emaitzek izututa, proiektuan parte hartu zuten medikuntzan, psikologian, psikiatrian eta abokatutzan aritutako pertsonekin elkartuko da.

Dokumentalean torturak jasandako hainbat pertsonen lekukotzak jaso dira, beraien bizipenak kontatuz edo ikusezintasunari eta autoikusezintasunari buruzko gogoeta eraginez.

Bi orduko iraupena duen dokumentalaren emanaldia abenduaren 14an, 18:30ean, Erriberan, eta doakoa izango da; euskaraz izango da gaztelaniazko azpitituluekin. Ander Iriarte zuzendaria bertan izango da eta emanaldia amaitzean solasaldirako tartea izango dute bertaratutakoek.

“Orri zuriak betetzen” dokumentala Durangoko azokan

Durangoko azokan emango da “Orri Zuriak Betetzen” dokumentala, gerra zibileko eta frankismo garaiko Astigarragako biktima izan ziren astigartarrei buruzkoa. Eneritz Aulestiak eta Unai Alberdik zuzendutako eta Udalak ekoitzitako dokumental hau apirilaren 21ean estreinatu zen Astigarragan. Abenduaren 10ean, 13:00etan Durangoko azokako Irudienean ikusi ahal izango da.