Albisteak
Atzealdea Terrazei buruzko argibideak, taberna baten idatziari erantzunez
2026·07·30

Lehenik eta behin, Udalarentzat ez da berri ona herrian jarduera bat gutxiago eta lokal huts bat gehiago izatea baina idatzi horretan Udala eta alkatea aipatzen ditu, beste batzuen artean, baimenik ez ematearen eta tabernaren terrazaren jarduera oztopatzearen erantzule gisa. Hori dela eta, lerro hauen bidez, aipamen horiei erantzun eta argibide batzuk eman nahi ditugu.
Indarrean dugun terrazen ordenantza 2022-23an berrikusi zen azken aldiz. Horretarako, partehartze prozesu bat egin zen (bilerak irekiak, informazioa komunikabideen bidez...), herritarrek eta ostalariek aukera izan zutelarik beren ekarpenak egiteko. Ordenantza hori behin betiko onartu eta 2023-04-28an argitaratu zen. Ordenantzak zehaztasunez finkatzen ditu terraza jarri ahal izateko baldintzak eta mugak (mahai kopuruak, fatxadak, pasabideen zabalera, bizilagunen baimena eta abar).
Ordenantzaren helburua da ostalarien, bezeroen eta bizilagunen interesen arteko oreka egoki bat bilatzea, betiere oinezkoen pasabideei eta eremuei lehentasuna emanez (alegia, erabilpen publikoari, erabilpen pribatiboaren aurretik).
Hori guztia kontuan hartuta, honakoa adierazi nahi dugu:
- Ordenantza indarrean zegoen hizpide dugun taberna zabaldu aurretik eta tabernariak bazekien terraza jartzerik ez zeukala, tabernak duen fatxada bakarraren aurrean espaloia duelako, eta ez dagoelako lekurik terraza jartzeko (horrela adierazi zitzaion hasieratik).
Ordenantzaren 18. artikuluak argi dio terraza jartzeko, espaloiak 4 metrokoa izan behar duela gutxienez. Eta taberna honen aurreko espaloiak ez du betetzen baldintza hau. Ez da taberna bakarra arrazoi honengatik terraza jartzeko aukera ukatu zaiona. Adibidez, arrazoi berarengatik Pastorizak ere ezin du terraza jarri Pelotari kalean (bai, ordea Emakumeon plazan).
- Taberna batek terraza jartzeko eskubide unibertsalik ez du. Eskubide hori sortzen da ordenantzaren bidez eta ordenantzak zehazten eta finkatzen dituen baldintzen barruan. Herri askotan daude terrazarik gabeko tabernak, jartzeko lekurik ez dagoelako.
- Eraikinaren alboko fatxadan terraza jartzeko eskaria egin zuen ondoren. Udalak adierazi zion ordenantzaren arabera zaila zela, baina irakurketa malgu bat eginez azter zitekeela, baina edozein kasutan ere bizilagunen baimena behar zuela (18.5 artikulua). Bizilagunek ezezkoa eman diote. Bestalde, indarrean dugun ordenantzaren arabera, taberna bati bere fatxada ez den alde batean terraza jartzen uztea zalantzazkoa da, eta, gainera, aurrekari arriskutsua sortzen du (zergatik ez utzi eraikinaren beste aldean, atzean, aurrean tarte handi batera dagoen plazan eta abar?).
- Tabernak bere fatxadaren paretik harago terraza jartzeko bizilagunen baimena behar izatea egokia dela uste dugu, bizilagunak baitira terraza baten eragozpenak zuzenean jasaten dituztenak eta tabernaren jardueraren errespetuzko funtzionamendua bermatzeko tresna izan liteke.
- Ostalaritzako establezimendu bakoitzak dituen baldintzak ditu (lokala bere, ingurua, terraza jartzeko aukera ala ezintasuna eta abar). Kasu honetan, hasieratik bertatik argi azaldu dugu terrazarik ezin zela jarri eta, beraz, taberna ixtea terrazaren gaiari eta udalari leporatzea ez da zilegi. Gure ustez, kasu honetan negozioa uzteko erabakia negozioaren bideragarritasunarekin lotuta egongo da, negozio-ereduak, haren kudeaketak, kontsumoaren murrizketa orokorrak, bezeroentzako prezioen igoera nabarmenak, lokalaren alokairuak eta abarrek baldintzatuta. Fokua terrazan jartzea gauzak sinplifikatzea da, eta autokritika falta izugarria erakusten du.
- Idatziak esaten du ostalaria bat edo bestea izan tratu ezberdina jasotzen dela (Udalaren aldetik edo). Gisa horretako doako salaketak ez dira bidezkoak, gisa horretako salaketak datuekin eta probekin egin behar dira. Terrazak arautzen dituen ordenantza argitaratuta dago eta edozeinek ikus eta egiaztatu dezake betetzen den ala ez eta bete gabe inork tratu berezia jasotzen ote duen. Azken bizpahiru urteotan terrazen ordenantza betearatzeko hainbat ikuskapen kanpaina egin dira eta oker handirik gabe esan liteke taberna guztiei izapidetu zaiela espedienteren bat.
