Telematikoki egin ziren, atzo, apirilaren 28an Osoko Bilkuraren bilera eta Tokiko Gobernu Batzarraren bilera.
2020·04·29
Erreklamazioa Donostiako Udalari, Elio-enea-Larraburu inguruko lursailen desjabetzaren ondorioz jasotako dirua dela eta.
Osoko Bilkurak erabaki du Donostiako Udalari erreklamazioa aurkeztea Elio-enea-Larraburu inguruko lursailak desjabetu zirenean eskuratu zuen dirua Astigarragako Udalari eman diezaion.
Aspalditik datorren auzia da honakoa. 1987an Astigarraga berriz ere udalerri bilakatu zenean Donostiako Udalak ez zizkion Elio-enea-Larraburu inguruko lursail batzuk Astigarragako herriari eman. Auzitegietara jo eta hainbat urteren buruan epaiak ezarri zuen lur horiek Astigarragako Udalarenak zirela eta gorabehera ugariren ondoren, lur horiek 2019 amaieran inskribatu ahal izan dira Astigarragako Udalaren izenean.
Tarte horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak lur horien zati bat desjabetu egin zuen Donostiako bigarren ingurabideko errepidea eraikitzeko eta desjabetza horren diru-ordaina (123 eta 525 erregistro-finken zati bat desjabetzeagatik zehazki, 24.088,00 eta 494.868,00 euro) Donostiako Udalari ordaindu zion.
Ondorioz, Osoko Bilkurak erabaki du Donostiako Udalari erreklamazioa aurkeztea diru-kopuru hori (eta dagozkion interesak) Astigarragako Udalari dagokiolako.
Ordenantza fiskala: 2020-2021 ikasturteko kirol ikastaroen tasak
Osoko Bilkurak 2020ko ordenantza fiskalaren aldaketa puntualari hasierako onarpena eman dio, hain zuzen ere 2020-2021 ikasturteko kirol ikastaroen tasak eguneratzeko.
Gipuzkoako Senideak elkartearen mozioa adinekoen arretaren inguruan
Osoko Bilkurak Gipuzkoako Senideak adinekoen arretaren inguruan aurkeztutako mozioa onartu zuen, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ/PNV eta PSE-Eeren abstentzioarekin. Bestetik, EAJ/PNV aurkeztutako mozioa ez zen onartu.
Gipuzkoako senideen mozioa
EAJ/PNVk aurkeztutako mozioa
Kontratazio espedienteak
Arlo honetan, bi kontratazio espediente onartu eta martxan jartzea erabaki du udalak, batetik, nerabeentzako eta gazteriarentzako zerbitzua (gaztelekuko zerbitzua) eta bestetik, argindarraren hornidurarena.
Horrekin batera, bi kontratu esleitu ditu, alde batetik, plan orokorra berrikusteko kontratua eta beste alde batetik kultur etxeko berriko ikusentzunezko ekipamendua: eszenako makineria, eszenako jantzia, argiztapen-ekipoa eta soinu-ekipoa.
DBHko ikastetxea eraikitzeko lursaila hiritartzeko lanak
Udalak aurrera jarraitzen du DBHko ikastetxea eraikitzeko lursaila hiritartzeko lanekin. Testuinguru horretan, bi urrats garrantzitsu eman ditu:
Alde batetik, DBHko ikastetxea eraikitzeko lursaila osorik erosteko falta zen goiko aldeko zati txikia erostea adostu du (laster egingo da erosketa).
Beste alde batetik, Santiagomendi eta Mendiaundi arteko goi tentsioko sarea eta udal azpiegiturak lurperatzeko proiektua onartu du udalak. Proiektu hori kokatzen da DBHko ikastetxea eraikitzeko egin behar diren hiritartze lanen barruan, Hezkuntza Sailari lursaila hiritartuta laga behar baitzaio. Hurrengo urratsa da proiektu hori burutzeko obra-kontratuaren lehiaketa egitea.
Covid19 pandemiari aurre egiteko plana
Udal gobernua prestatzen ari da Covid19ren pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko plana.
Plan horrek horrek, batetik, 2020ko aurrekontuaren doikuntza bat ekarriko du, gastu partida batzuk handituz eta beste batzuk murriztuz. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, udalei egiten dien ekarpena %20-25 murriztuko da 2020an. Horrek esan nahi du udalak 1.200.000 euro inguru gutxiago jasoko dituela eta, beraz, doikuntza handi bat egin beharko duela gastuan.
Bestetik, plan horretan zehaztuko dira zerbitzu batzuk nola eta zenbat indartuko diren (Gizarte Zerbizuetako laguntza programak, garbiketa eta desinfekzio lanak) eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduentzako dirulaguntzen programa.
Plan horren proposamena bizpahiru aste barru aurkeztuko da ogasuneko batzordean eta toki garapeneko batzordean. Helburua da proposamen hori aztertu eta bertan jasotako neurri eta dirulaguntza programak maiatzean onartu eta indarrena jartzea, besteak beste merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduentzako dirulaguntzen programa.