Albisteak

Atzealdea Sarrigurenen gertatutako erailketa matxista gaitzesteko adierazpena

Sarrigurenen gertatutako erailketa dela eta, Astigarragako Udalak gaitzespena adierazi nahi du. Halaber, herritarrak gonbidatu nahi ditu parte hartzera Emakumeon Etxeak deitutako kontzentrazioan, otsailaren 23an, 19:00etan, Joseba Barandiaran plazan.

2026·02·23


Astigarragako Udalak gaitzespen irmoa adierazi nahi du Sarrigurenen (Nafarroa) gertatutako hilketa matxistaren aurrean. 28 urteko emakume bat hil zuen senarrak eta haren amaginarreba zauritu egin zuen, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean dago oraindik. Euskal Herrian aurten gertatu den lehenbiziko hilketa matxista da Sarrigurengoa.

Astigarragako Udalak elkartasuna eta gertutasuna adierazten die biktimen familiari, lagunei eta hurbilekoei. Erailketa horrek berriz ere agerian uzten du emakumeen aurkako indarkeria — psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa edo sexuala — giza eskubideen urraketa larria eta emakumeen duintasunaren eta osotasunaren aurkako eraso onartezina dela. Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean jatorria duen egiturazko indarkeriaren adierazpenik muturrekoena dira heriotzak. Erakunde publiko gisa, berretsi egiten dugu berdintasun-, sentsibilizazio- eta prebentzio-politikak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa, bai eta biktimei arreta eta babesa emateko baliabideak indartzekoa ere. Indarkeria matxista desagerrarazteko, gizarte osoaren inplikazio aktiboa behar da.

Udalak bat egingo du Emakumeon Etxeak erailketa eta bi emakumeren aurkako erasoa gaitzesteko deitutako elkarretaratzearekin, eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditu. Elkarretaratzea GAUR izango da, otsailak 23, astelehena, 19:00etan, Joseba Barandiaran plazan.

Udaleko Alderdi Politikoek aho batez onartutako adierazpena