Albisteak

Atzealdea Santio jaietan indarkeria matxista egoerak prebenitzeko hainbat neurri hartu ditu Udalak

1
Arreta puntua uztailaren 23tik 26ra egongo da martxan, 19:00etatik 05:00etara. Arreta presentziala eta telefonikoa eskainiko dira.

2025·07·15


Aurten ere aurreko urteei jarraiki Santio Jaietan indarkeria matxista egoerak prebenitzeko eta artatzeko hainbat baliabide jarri ditu Udalak martxan, Berdintasun Mahai Txikiarekin elkarlanean (Emakumeon Etxea, Gaztelekua, Astigarragako Gazte Asanblada, Xaguxar aisialdi taldea eta Matazak indarkeria sexistaren aurka elkartea), honakoak dira:

Arreta Puntua

Eraso matxisten aurrean arreta eta esku-hartzeko gunea egongo da herritarrentzat erabilgarri. Erasoren bat ikusi edo biziz gero, Arreta Puntura jo dezake edonork laguntza edo informazio eske. Aurrez-aurreko arreta emateaz gain arreta telefonikoa ere martxan egongo da (638 206 586 telefono-zenbakian).

Noiz eta non?

Uztailaren 23tik 26ra, karpa morea jarriko da Joseba Barandiaran Plazan, 19:00etatik 22:00etara eta arreta zerbitzua Emakumeon Etxean (Joseba Barandiaran plazan kokatuta dago, Kale Nagusia, 23 helbidean) jaso ahalko da 22:00etatik 05:00etara. Eta, ordutegi osoan zehar, 19:00etatik 05:00etara arreta telefonikoa martxan egongo da 638 206 586 telefonoan.

Baliabide honek Foru Aldundiko dirulaguntza jaso du.

“Nik sinesten dizut” txapak

Aurten ere herritarrei txapak erabiltzeko gonbidapena luzatuko diegu. Eraso matxista baten aurrean biktima babesteko, gidatzeko eta beharrezkoa denean, aditu edo profesionalei deitzeko helburua dute txapek. Txapa soinean edo ikusgai badaramazu, biktimak errazago identifika zaitzake. Elkar zaintzeko eta txapa janzteko gonbidapena luzatu nahi diegu herritarrei. Hala ere, biktima babesteko moduan ez dagoenak, arduraz jokatu eta txapa gorde beharko du.

Non eskatu daiteke?

Txapa doakoa da eta uztailaren 15etik 22ra Emakumeon Etxean eta jaietan karpa morean eskuratu ahal izango da.

Emakumeon Etxea irisgarritasuna hobetzeko obretan da eta uztailaren 15etik 22ra Joseba Barandiaran plazan beharrean, Kultur Etxe Zaharrean egongo da kokatuta. Jaietan Emakumeon Etxea Joseba Barandiaran plazako kokalekura bueltatuko da.

Indarkeria kasuen koordinazio mahaia

Iaz sortu zen estrainekoz mahaia eta, aurten ere, Indarkeria kasuen koordinazio mahaia eratu da. Eraso baten aurrean jaien antolaketan parte hartzen duten eragileen eta Udalaren arteko koordinazioa ahalik eta eragikorrena eta azkarrena izateko xedea du eta Udaleko hainbat sail (Alkatetza, Berdintasuna, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Kultura eta Jaiak) eta herriko hainbat elkartetako ordezkariek (Jai Batzordea, Gazte Asanblada eta Emakumeon Etxeak) osatuko dute. Mahaiaren eginkizunak izango dira besteak beste, jaietan emandako gertakariei buruzko ahalik eta informazio fluxu eraginkorrena ahalbidetzea eta erasoren bat egotekotan, erantzun publikoa eta jai-egitarauari dagokionez hartu beharreko neurriak elkarrekin adostea.

Udaltzaingoa

Aipatutako neurriez gain, aurten azpimarratu behar da Udaltzaingoa 24 orduz egongo dela jaietan, eta edozein indarkeria-kasuren aurrean haiengana jo ahal izango dela, aurrez-aurre eta telefonoz (699 487 587).

Informazio gehiago: berdintasuna@astigarraga.eus/ 638 206 586

1