Albisteak
Atzealdea Santio Jaiak 2025: uztailaren 23tik 27ra
2025·07·14

2025eko Santio jaiak ate joka ditugu, aurten, uztailaren 23tik 27ra ospatuko dira.
Apirila eta uztaila bitartean, herritarrek, Astigarragako hainbat elkartetako ordezkarik eta Udalak, Jai Batzordearen bitartez, jaien egitaraua landu dute. Adin eta gustu ezberdinetako pertsonei zuzendutako programazioa izango da. Egitaraua, udal webgunean deskargatu ahal izango da eta herritarren etxeetan banatuko da, gaurtik aurrera.
Festen antolaketan herritarren eta elkarteen inplikazioa ezinbestekoa da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu antolaketan parte hartu duten guztiei egindako lanagatik eta esfortzuagatik.
PREGOIA ETA TXUPINAZOA Aurtengo pregoia eta txupina Astigar elkarteko kideek botako dute. Aurten 50 urte betetzen ditu elkarteak eta urte hauetan guztietan egin duen ibilbidea nabarmendu nahi dugu Udaletik, eskerrik asko eta zorionak Astigar!
JAIEN AURREKO JARDUERAK, BEROTZEKO
Urtero bezala, jaien aurreko asteburutik hasita hainbat kirol-jarduera antolatu dira herritarrentzat:
Uztailak 18, ostirala
- 19:00etan Txomiñenea pilotalekuan: Santio Jaietako esku pilota txapelketa (Mundarro elkarteak antolatuta).
Uztailak 19, larunbata
- 11:00etan Txomiñenea pilotalekuan: Pilota- pala txapelketa 11-17 urte bitarteko nerabe eta gazteentzat, izen ematea uztailaren 7tik 14ra Gaztelekuan eta gaztelekuko sareetatik (Gaztelekua eta Mundarrok antolatua).
- 17:30etan Kontxa Etxeberria plazan: Funcional Hybrid training saioa (16 urtetik gorakoak) izen ematea kiroldegian uztailaren 17ra arte.
- 18:00etan Txomiñenean pilotalekuan: Pala txapelketaren finala. (Mundarro elkarteak antolatuta).
- 18:30etan Emakumeon plazan, Sardina jatea Aurrera txuri urdinak elkarteak antolatua.
Uztailak 19 ere
JAIEN ATARIKO EMANALDIA/ PRELUDIOA izango dugu: Hainbat urteren ondoren, aurten berriro izango dugu jaien atariko emanaldi batez gozatzeko aukera Astigarragan.
- 22:30etan Foru Plazan (euria egiten badu kiroldegian): Astigar elkarteak antolatua bere 50. urteurrena ospatzeko. 150 herritarrek hartuko dute parte (antzerkilariak, bertsolariak, kantu taldea, KDP txaranga, herriko hainbat elkarte (Aiztondo, Astigar, Eragiyok, Goldea, NAME, Txirriskla). Thierry Biskaryk zuzenduko du emanaldia. Gonbidapenak uztailaren 15etik aurrera eskuragarri Udalaren webgunean edo Erriberan goizez.
Uztailak 20, igandea
- 11:00etan Kontxa Etxeberria plazan: Herri kirolak (3-11 urte)
- 11:30etan Joseba Barandiaran plazatik, Txirrindulari igoera herrikoia Santiagomendira. (11:30etan infantilak, kadeteak eta seniorrak. 12:00etan helduak)
Uztailak 21, astelehena
- 17:00etan Kiroldegian: Futbola kalean (5-11 urte).
Uztailak 23-27 EGITARAUA
- Aurtengo berrikuntza
Astigarragak etorkizunera begira jarri nahi du eta, horretarako, herritarrei esperientzia birtual berezi bat eskaintzeko prest dago. Uztailaren 24an eta 26an, Astigarragako Barandiaran Plaza izango da esperientziaren agertokia: etorkizuneko herria bizitzeko, irudikatzeko eta hautatzeko espazio irekia. Esperientzia birtual honek teknologia eta irudimena uztartuko ditu, bertaratzen direnek beren begiekin ikus dezaten herriaren bilakaera posiblea. Doakoa izango da eta 18 urtetik gorakoek har dezakete parte:
- Uztailaren 24an 16:00etatik 18:00etara.
- Uztailaren 26an 13:00etatik 14:30era.
- Haur eta nerabeei zuzendutako jarduerak
Haurren txupinazoa goizean; herriko buruhandiak eta erraldoiak izango dira Astigarragako kaleetan, eta baita Iruñeko Buztintxuri Konpartsarenak ere; haurrentzako eta nerabeentzako bazkariak antolatu dira; txokolatada; kale ikuskizunak; uretako parketa; apar festa; zezensuzkoa; barrakak... Aurtengo proposamen berriak: haurtxoentzako ludoteka; karaokea eta familian gozatzeko laberintoa.
- Barrakak: Urtero bezala, Udalak AFADE ferialarien elkartearekin negoziatu du barrakek haur eta nerabe guztien eskura dauden prezioak izan ditzaten. Horrela, uztailaren 24an, atrakzio guztietan 1,50 euroko prezio herrikoia izango du, eta beste egunetan ere prezioak mugatu egin dira, 2,50 euro atrakzio txikietan eta 3 euro handietan. Bonuak ere egongo dira, 8 bidaiakoa atrakzio txikietarako 14 eurotan (bidaia 1,75 eurotan) eta 8 bidaiakoa atrakzio handietarako 15 eurotan (bidaia 1,85 eurotan). Bestalde, haur eta nerabe guztien inklusioa bultzatzeko eta haur eta nerabe guztiek atrakzioez gozatzeko aukera izan dezaten, Udalak elkartearekin egunero ordubetez, 17:00etatik 18:00etara, barraketan soinurik eta argirik ez egotea adostu du.
- Bazkari herrikoiak, leihaketak, kultur emanaldiak
Aurten ere, bazkari herrikoi ugari egingo dira jaietan, publiko ezberdinarentzat antolatuta: haur bazkaria, nerabeen bazkaria, gazteen bazkaria, marmitako lehiaketa eta bazkaria, elkartasun bazkaria eta jubilatuen bazkaria. Horrekin batera jarduera herrikoiak ere izango dira, esaterako, herri danborrada eta larrain dantza herrikoia; eta baita hainbat leihaketa eta txapelketa ere, toka eta boloen txapelketa, mahai jokoen leihaketa, patata tortilla leihaketa eta xake leihaketa. Kultur emanaldiei dagokienez, Astigar dantza taldearen erakustaldia, bertsolariak, udalbatzaren soka dantza, Atxine dantza ikuskizuna, Euskorleans Kukai taldearen dantza ikuskizuna eta herri kirolak izango ditugu, besteak beste.
- Musika emanaldiak
Musika emanaldiak izaten dira jaietako jarduera erakargarrienetako bat, eta Santio jaietan musikak leku garrantzitsua beteko du. Aurtengo jai egitarauan eskaintza zabala dago, gustu eta estilo ezberdinetakoak: Akerbeltz, Xskara, Marte Lasarte, Kresala, Duo Azabache, Norberto Almandoz musika eskolako taldeak CD Montre- Neo eta K.A, DJ S. Ghizzi, Elegancia Mexicana, Itzal, Janus Lester...
Aurrez aipatutakoak leku estatiko batean kontzertuak emango dituzten taldeak eta dj-ak dira, baina badira herrian zehar ibiliko diren taldeak ere: Kolpez blai, Psicoklown, Sugarri Show, Zuttik elektrotxaranga, Pasai txaranga, Kita del Pare txaranga, trikitilariak, ...
INDARKERIAREN AURKAKO NEURRIAK
Astigarraga herri segurua izatea nahi dugu, urte osoan zehar eta baita jaietan ere, batez ere emakumeentzat. Hori dela eta, prebentzio-, arreta- eta koordinazio-ekimenak antolatu dira jaietarako. Horien artean, nabarmentzekoa da erasoen aurreko arreta, telefonoz zein aurrez aurre, izango dela jaietan. Eta, indarkeria-kasuak koordinatzeko mahai bat eratu dela, eraso baten aurrean jaien antolaketan inplikatutako eragileen eta Udalaren arteko koordinazioa ahalik eta eraginkorrena eta azkarrena izan dadin. Azkenik, aipatu behar da, aurten Udaltzaingoa 24 orduz egongo dela jaietako egunetan.
Udalak aurrerago jakinaraziko ditu prebentzio, arreta eta koordinaziorako antolatu diren ekimen guztien xehetasunak.
INFORMAZIO PRAKTIKOA: ERREPIDEAK, BUSA...
Urtero bezala, jaiak direla eta hainbat eragin sortuko dira trafikoan; kale-mozketak, autobusaren ibilbidea eta geltokiak, aparkalekuak... Aurrerago Udalak zabalduko du informazio praktiko guztia zehaztasunez.
