Albisteak
2024·07·11

2024ko Santio jaiak ate joka ditugu. Santio jaiak uztailaren 24tik 28ra ospatuko dira.
Apirila eta uztaila bitartean, herritarrek, Astigarragako hainbat elkartetako ordezkarik eta Udalak, Jai Batzordearen bitartez, jaien egitaraua prestatu dute. Adin eta gustu ezberdinetako pertsonei zuzendutako programazioa izango da. Egitaraua dagoeneko aurkeztu dute Jai Batzordeak eta Udalak, udal webgunean deskargatu ahal izango da eta uztailaren 12an banatuko dira herritarren etxeetan.
Festen antolaketan herritarren eta elkarteen inplikazioa ezinbestekoa da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu antolaketan parte hartu duten guztiei egindako lanagatik eta esfortzuagatik.
PREGOIA ETA TXUPINAZOA
Aurtengo pregoia irakurri eta txupina Gaztelekuko erabiltzaileek botako dute. Gaztelekuak 25 urte beteko ditu aurten, eta data berezi honetan nerabeei jaiei hasiera emateko aukera zabaldu nahi izan zaie. Horrekin batera, Gaztelekuak urte hauetan guztietan izan duen ibilbidea nabarmendu nahi dugu eta egiten duten lana eskertu.
JAIEN AURREKO JARDUERAK, BEROTZEKO
Urtero bezala, jaien aurreko asteburutik hasita hainbat kirol-jarduera antolatu dira herritarrentzat:
Uztailak 19, ostirala
- 18:30ean Kontxa Etxeberria plazan: Zunba kalean (16 urtetik gorakoak)
- 19:00etan Txomiñenean pilotalekuan: Pala txapelketaren finala. (Mundarro elkarteak antolatuta).
Uztailak 21, igandea
- 11:00etan Kontxa Etxeberria plazan: Herri kirolak (3-11 urte)
- 17:00etan Txomiñenea pilotalekuan: Esku pilotako II. Santio Jaiak txapelketako finalerdia. (Mundarro elkarteak antolatuta).
Uztailak 22, astelehena
- 11:00etan Gobadarien parkean (euriarekin Kontxa Etxeberria plazan): Orientazio saioa (11-17 urte)
Uztailak 23, asteartea
- 17:00etan kiroldegian: Futbola kalean (5-11 urte)
EGITARAUA
Pilota partida profesionalen jaialdia, aurtengo berrikuntza
Uztailaren 26an izango da jaialdia, 21:15ean, Txomiñenea pilotalekuan. Mundarro elkarteak eta Baikok antolatu dute jaialdia, Udalaren laguntzarekin.
Binakako partidan Zubizarreta III-Lizeaga eta Alberdi II-Morgaetxebarriaren ariko dira. Jarraian, lehen mailako profesionalen partida jokatuko da, Jaka-Martija eta Artola-Rezustaren artekoa.
Pilota partida profesionalen jaialdia herrian antolatzen den lehen aldia da. Uste dugu herritarrak pozik egongo direla aukera honekin, eta Santa Ana eguna borobiltzeko moduko ekitaldia izango dela.
Haur eta nerabeei zuzendutako jarduerak
Iaz herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartu dira; haur eta nerabeentzako ekintzak leku ezberdinetan banatu dira eta jarduera gehiago gehitu, ondorengoak dira: Haurren txupinazoa goizean eta txupinazo handia nerabeek botako dute; herriko buruhandiak eta erraldoiak izango dira Astigarragako kaleetan, eta baita Iruñeko Buztintxuri Konpartsarenak ere; haurrentzako eta nerabeentzako bazkariak antolatu dira; txokolatada; kale ikuskizunak; adinaren arabera sailkatutako jolasak; puzgarriak eta uretako puzgarriak haur eta nerabeentzako; apar festa eta barrakak.
- Barrakak: Urtero bezala, Udalak AFADE ferialarien elkartearekin negoziatu du barrakek haur eta nerabe guztien eskura dauden prezioak izan ditzaten. Horrela, uztailaren 24an, atrakzio guztietan 1,20 euroko prezio herrikoia egongo da, eta beste egunetan ere prezioak mugatu egin dira, gehienez 2,20 euro atrakzio txikietan eta 2,50 euro handietan. Bonuak ere egongo dira, 8 bidaiakoa atrakzio txikietarako 12 eurotan (bidaia 1,50 eurotan) eta 8 bidaiakoa atrakzio handietarako 13 eurotan (bidaia 1,60 eurotan). Bestalde, haur eta nerabe guztien inklusioa bultzatzeko eta haur eta nerabe guztiek atrakzioez gozatzeko aukera izan dezaten, Udalak elkartearekin adostu du bi egunetan, ordubetez, barraketan soinurik eta argirik ez egotea.
Bazkari herrikoiak, lehiaketak, kultur emanaldiak
Bazkari herrikoi ugari egingo dira jaietan, publiko ezberdinarentzat antolatuta: haur bazkaria, nerabeen bazkaria, gazteen bazkaria, marmitako lehiaketa eta bazkaria, presoen bazkari solidarioa eta jubilatuen bazkaria. Horrekin batera jarduera herrikoiak ere izango dira, esaterako, herri danborrada eta larrain dantza herrikoia; eta baita hainbat lehiaketa eta txapelketa ere, toka eta boloen txapelketa, mahai jokoen lehiaketa, patata tortilla lehiaketa eta xake lehiaketa. Kultur emanaldiei dagokienez, Astigar dantza taldearen erakustaldia, Kresala dantza taldea, bertsolariak, udalbatzaren soka dantza eta herri kirolak izango ditugu, besteak beste.
Musika emanaldiak
Musika emanaldiak izaten dira jaietako jarduera erakargarrienetako bat, eta Santio jaietan musikak leku garrantzitsua beteko du. Aurtengo jai egitarauan eskaintza zabala dago, gustu eta estilo ezberdinetakoak: Kilimak, Albina Stardust eta Divina Comedia DJ, Kresala, Duo Imperial, Zilibito Records, The Clams, Nemux DJ, S. Ghizzi DJ, Roba Estesa, Bengo, Itzal, Puro Relajo... Aurrez aipatutakoak leku estatiko batean kontzertuak emango dituzten taldeak eta dj-ak dira, baina badira herrian zehar ibiliko diren taldeak ere: Kolpez blai, Sugarri Show, Zuttik elektrotxaranga, Pasai txaranga, Kita del Pare txaranga, trikitilariak...
INDARKERIAREN AURKAKO PROTOKOLOA
Astigarraga herri segurua izatea nahi dugu, urte osoan zehar eta baita jaietan ere, batez ere emakumeentzat. Hori dela eta, prebentzio-, arreta- eta koordinazio-ekimenak antolatu dira jaietarako. Horien artean, nabarmentzekoa da erasoen aurreko arreta, telefonoz zein aurrez aurre, lehen aldia izango dela jaietan. Eta, lehen aldiz ere, indarkeria-kasuak koordinatzeko mahai bat eratu da, eraso baten aurrean jaien antolaketan inplikatutako eragileen eta Udalaren arteko koordinazioa ahalik eta eraginkorrena eta azkarrena izan dadin.
Udalak aurrerago jakinaraziko ditu prebentzio, arreta eta koordinaziorako antolatu diren ekimen guztien xehetasunak.
INFORMAZIO PRAKTIKOA: ERREPIDEAK, BUSA...
Urtero bezala, jaiak direla eta hainbat eragin sortuko dira trafikoan; kale-mozketak, autobusaren ibilbidea eta geltokiak, aparkalekuak... Oro har, aurreko urteetako ibilbide eta geltoki berberak erabiliko dira. Hala ere, aurrerago Udalak zabalduko du informazio praktiko guztia zehaztasunez.
