Santio eguna eta Santa Ana eguna, arduraz jokatzeko unea
2021·07·23
Kezkatuta gaude uztailean Astigarragan (eta oro har Euskal Herrian) izan den positiboen gorakada ikusita: uztailaren 1etik gaur arte Astigarragan 70 kasu positibo baino gehiago izan dira eta kutsatzeko arriskua oso altua da. Eta kezkatuta gaude oker ulertutako jai giroak jende pilaketak eragin ditzakeelako.
Hainbat kultur ekitaldi antolatu ditugu (musika, dantza, haurrentzako emanaldiak…), prebentzio neurri egokiekin: aire librean edo eremu handietan izango dira, eserita eta aforoa mugatuta. Haurrentzat feria txiki batzuk ere jarri ditugu, prebentzio protokolo zehatzekin. Behar dugu kultura, musika eta dantza, pandemiak sortzen digun egonezari eta tristurari aurre egiteko. Eta musikari, artista eta ferianteek behar dituzte plazak, beren lanbideari eusteko.
Kultur ekitaldi horiek ezin dute aitzakia izan prebentzio neurriak ez betetzeko eta kutsatzeko arrisku handiko portaerak edukitzeko. Pilaketak sahiestu behar ditugu eta prebentzio neurriak bete: musukoa erabili behar dugu tartea zaindu ezin bada eta taberna eta jatetxeetako neurriak zorrotz bete behar ditugu.
Pandemia luze doa eta nekatuta gaude, bai. Parranda eta juerga egin nahi dugu, bai, baina prebentzio neurrien barruan jokatu behar dugu.
Neurri berriak indarrean
Egoerak okerrera egin du eta Eusko Jaurlaritzak neurri berriak onartu ditu, hona hemen:
- Ostalaritza, merkataritza eta kultur jardueren itxiera 01:00etan.
- Barneko edukiera %35 (astelehenetik aurrera).
- Hiriguneetan musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da.
Beraz, hori guztia kontuan hartuta, dei egiten dizuegu erantzukizunez eta arduraz jokatzeko.