Albisteak

Atzealdea Saharako errepublika arabiar demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 45.urteurrena

Gaur ospatzen da Saharako errepublika arabiar demokratikoa aldarrikatu zeneko 45.urteurrena. Astigarragako Udalak bat egiten du aldarrikapenarekin eta otsailaren 23ko Osoko Bilkuran adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez.

2021·02·27


Otsailaren 23ko Osoko Bilkuran Astigarragako Udalak onartutako adierazpen instituzionala:

Otsailaren 27a oso data esanguratsua da saharar herriarentzat, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrena baita. Aurten, Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokori eta Mauritaniari era lotsagarrian entregatu eta lurraldea utzi eta hurrengo egunean Bir Lehluko kanpamentuan ospatutako aldarrikapen horren 45. urteurrena ospatzen da.

Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetan dauden herritarrak elikagai eta osasun gabezia larriak jasaten ari dira mugak ixtearen ondorioz, Covid-19ren pandemiaren ondorioz, nazioarteko eta nazioko laguntza sartzea zailtzen baitu, desnutrizio- eta anemia-arazo larriak eraginez.

Gainera, sahararrek eta Mendebaldeko Saharako Lurralde okupatuetan bizi diren ekintzaileek egunero jasaten duten jazarpena eta giza eskubideen urraketa areagotu egin da Marokoko agintarien aldetik, modu baketsuan agertu direlako eta autodeterminaziorako eta askatasunean bizitzeko eskubideak aldarrikatu dituztelako, 45 urteko erresistentzia eta borroka baketsuaren ondoren.

Horregatik guztiagatik, Astigarragako Udalak honakoa adierazten du:

  1. Ospakizun garrantzitsu hau dela eta, Astigarragako Udalak herri honekiko gure gertutasun eta elkartasuna adierazi nahi du. Orain, inoiz baino gehiago, herri honek gure babesa behar du, 2020ko azaroaren 13an gerra-egoera deklaratu ondoren, Marokoko armadak Guerguerat-eko legez kanpoko arrakalan su-etena urratzearen ondorioz bizi duen egoera larriaren aurrean.
  2. Giza eskubideen babesaz eta justiziaz kezkatuta, Astigarragako Udalak bat egiten du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 45. urteurrenaren ospakizunean eta, beraz, babes hori erakusteko, otsailaren 27an, Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatu eta adierazpen honen berri emango du bere webgunean eta sare sozialetan.