Albisteak
Atzealdea

Sagarraren eta sagardoaren nazioarteko elkargunea izango da V. Sagardo Foruma

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, 2023ko azaroaren 30tik abenduaren 2ra V. SAGARDO FORUMA izango da Astigarragan eta Donostian: sagarrari, sagardoari eta turismoari buruzko jardunaldi teknikoak, Nazioarteko Sagardo Lehiaketa, Nazioarteko Sagardo Azoka eta Cider Week astea.

2023·11·23


Atzo aurkeztu zuten V. SAGARDO FORUMA Erribera Kulturgunean. Bertan izan ziren Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea), Azahara Dominguez (Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatua), Xabier Arruti (Lurralde Oreka Berdeko diputatua), Bittor Oroz (Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea), Daniel Solana (Basquetoureko Zuzendaria) eta Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko Koordinatzailea).

Prentsaurrekoan, Xabier Urdangarin alkateak Sagardo Foruma sagarraz eta sagardoaz hitz egiteko elkargunea izango dela eta nazioartean bere lekua lortu duen ekitaldia dela azpimarratu zuen. Azahara Dominguez diputatuak Sagardo Foruma bezalako ekitaldiek nazioarteko mapa gastronomikoan kokatzen gaituela, eta Gipuzkoak hazten jarraitzeko nahiz bere eskaintzaren sasoikotasuna aldatzeko aukera ematen dutela adierazi zuen. Xabier Arruti diputatuak hiru ideia azpimarratu nahi izan zituen: batetik, Sagardo Foruma bezalako ekitaldiaren garrantzia gure sagardoaren kultura kanporatzeko, eta aldi berean kanpokoaz ikasteko; bestetik, bertako produktuaren garrantzia; eta azkenik, sagardoaren munduko eragile guztien artean egiten ari den elkarlana. Bittor Orozek, Sagardo Forumak sagardoaren sektoreari ekarri dion inspirazioa izan zuen hizpide, horren adierazgarri baitira, hain zuen, bertako sagardogileek ekoizten dituzten sagardoak: geroz eta produktu gehiago daude merkatuan, hainbat formatutan. Daniel Solanak Sagardo Forumaren garrantzia azpimarratu zuen Euskadi Gastronomikaren baitan, eta sagardoaren munduko eragile guztien arteko elkarlanari esker Euskadi ezagunagoa era erakargarriagoa dela baieztatu zuen. Bere aldetik, Unai Agirrek Sagardo Foruma elkarlanak emandako fruitua dela aipatu zuen, eta sagardoaren sektorea jasaten ari den aldaketa eta dibertsifikazioan Sagardo Forumak kanpotik datorren jendearengatik ikasteko ematen duen aukera goraipatu zuen.

Egitaraua

  • Azaroaren 30an, osteguna, 19 herrialdetako (Alemania, Austria, Belgika, Txekia, Chile, Espainia, Estatu Batuak, Euskal Herria, Finlandia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Letonia, Norvegia, Herbeherak, Polonia, Portugal, Suedia eta Uruguay) 262 sagardok parte hartuko duten Nazioarteko Sagardo Lehiaketa izango da Kursaal Kongresu Jauregian, Donostian. Epaimahai berezituak bederatzi kategoriatan sailkatutako sagardoak epaituko dituzte edari tradizional honen bikaintasuna eta aniztasuna nabarmentzen dituen lehiaketa honetan.

Lehiaketaren kategoriak eta epaileak ikusi

  • Abenduaren 1n, ostirala, jardunaldi teknikoak izango dira Erribera Kulturgunean (Astigarragan), eta bertako zein nazioarteko adituek sagarrari, sagardoari eta sagardoaren kulturari buruzko ezagutzak partekatuko dituzte. Sagardoaren munduak azken urte hauetan izan duen garapena ezagutaraziko duten hitzaldiei esker, eguna edari preziatu honen unibertsoan barneratzeko aukera bikaina izango da.

Egitaraua eta hizlariei buruzko informazioa ikusi

  • Abenduaren 2an (larunbata), Kursaal Kongresu Jauregian Nazioarteko Sagardo Azoka izango da mundu osoko (Italia, Chile, Estatu Batuak, Austria, Norvegia, Alemania, Polonia, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, Suedia, Portugal eta Finlandia) 24 sagardo ekoizlerekin. Hala, bertaratzen direnek bertako, nazioko zein nazioarteko ehun sagardo baino gehiago dastatzeko aukera izango dute. Bi urtean behingo hitzordu paregabea da zapore nahiz esperientzia berriak bilatzen dituzten sagardozale guztientzat, dastaketa gidatu bereziak ere izango baitira azokan: “Amerikako sagardoa latan” Paul Vander Heidek (Vander Mill, Estatu Batuak) gidatuta eta “Dastaketa intuizio eta emozioei esker” Virginie Thomasek (Bouscule Tes Sens, Frantzia) gidatuta.

Azokako erakusketariak eta dastaketak ikusi

Sagardo Forumaren ospakizunarekin bat eginez, eta urtengo berrikuntza nagusi gisa, Cider Week antolatu da azaroaren 23tik 29ra. Aste horretan dastaketa gidatuak, dastaketak eta uztartze gastronomikoak eskainiko dira bertako eta nazioarteko sagardoarekin.

Cider Week ekimenean parte hartzen duten enotekak eta jatetxeak

Bestalde, Kursaal jauregiko sagardo dastaketez gain, parte hartzaileek LABe jatetxeko (Tabakalera, Donostia) afariaz gozatzeko aukera izango dute, baita Alorrenea sagardotegian (Astigarraga) txotxaren errituaz eta sagardotegiko menuaz gozatzekoa ere.

V. SAGARDO FORUMARI buruzko informazioa eta izen-emateak www.sagardoforum.eus webgunean daude eskura.

Dosierra