Albisteak

Sagardotegiek ixtea erabaki dute eta, ondorioz, txotx denboraldia bertan behera geratu da

Atzo eta gaur udalak eta sagardogileek egin dituzten bileren ondotik, Astigarragako sagardotegiek erabaki dute ixtea. Ondorioz, 2020ko txotx denboraldia aldi batez bertan behera geratu da.

2020·03·13


Koronabirusaren gaixotasuna zabaltzea ekiditeko neurrien haritik, Astigarragako Udala harremanetan ibili da Osasun Sailarekin, izan ere, sagardotegien txotx denboraldian Astigarragan jendetza ibiltzen da eta sagardotegira joateak kontaktu maila handia dakar (mahaien bueltan, upeltegian eta abar), sagardotegietan eta herrian.

Osasun Sailak ez du eman ostalaritzaren arloko establezimenduak mugatzeko edo ixteko erabaki edo gomendiorik.

Martxoaren 12an eta 13an (atzo eta gaur) sagardogileekin egindako bilera eta elkarrizketetan gaia aztertu ondoren, sagardotegiek erabaki dute ixtea eta, ondorioz, 2020ko txotx denboraldia bertan behera geratu da. Halaber, txotx denboraldiarekin lotutako beste hainbat zerbitzu ere bertan behera geratu dira: sagardotegietarako bus zerbitzua, puntu morea eta Sagardoetxea eta bere agenda.

Udalaren iritziz sagardotegiek erantzukizunez eta arduraz jokatu dute eta bat egin dute Astigarragako herria (eta Euskal Herria orobat) hartzen ari den erabaki eta neurrien norabidearekin, denon ardura eta egitekoa delako koronabirusaren gaixotasuna ez zabaltzeko behar diren neurri guztiak hartzea.