Albisteak

Atzealdea Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenari buruzko galdeketan ezezkoa gailendu da, botoen %63,53arekin

1
713 herritar bertaratu ziren egun osoan zehar botoa ematera. Galdeketa gorabehera aipagarririk gabe burutu zen.

2022·02·07


Astigarragan erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrak zeuden deituta atzoko (otsailaren 6ko) herri galdeketan parte hartzera (hautesle errolda 5.924). Galdeketa gorabehera aipagarririk gabe burutu zen eta herritarrak egun osoan zehar hurbildu ziren beren botoa ematera.

Iluntzeko 20:00etan hautestontziak itxi eta mahaikideek kontaketari ekin zioten.

Herri galdeketaren emaitza

Guztira 713 pertsonek eman dute botoa (hautesle erroldaren %12,04).

EMAITZA

Ados zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?

BAI 253 %35,48
EZ 453 %63,53
Zuriak 5 %0,70
Baliogabetuak 2 %0,28
GUZTIRA 713 %12,04

 

Udalaren balorazioa

Emaitza argia izan da, izan ere herritarrek ez dute ontzat eman Sagardoetxearen etorkizunerako proposamena eta adierazi dute Udalak beste lehentasun batzuk izan behar dituela. Horrek esan nahi du aurrerantzean Sagardoetxeak lanean jarraitu behar duela, sagardogintzaren kultura sustatzen, gutxi asko gaur egun dituen instalazio, eta baliabideekin, galdeketan mahai gainean jarritako proposamenaren norabidea alde batera utzita.

Oroz gain, Udalaren balorazioa positiboa da, herritarrek beren botoaren bidez garbi adierazi dutelako etorkizuneko norabidea. Herri galdeketa honek, azken finean, balio izan du hainbat urtez erabaki gabe izan dugun gai bat argitzeko.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie prozesu honetan (hausnarketatik hasita herri galdeketaraino) parte hartu duten pertsona, eragile eta elkarte guztiei, egin duten ahalegin eta lanarengatik. Halaber, eskerrak eman nahi dizkie galdeketan beren botoarekin parte hartu duten herritarrei eta galdeketa antolatzen eta bideratzen parte hartu zuten herritar eta udal langileei.

1