Albisteak

Atzealdea Sagardoetxearen etorkizunaz hausnartzeko parte hartze prozesua jarri dute abian Astigarragako Udalak eta Sagardun Partzuergoak.

Hausnarketa-prozesu hau Astigarragako herritarrekin batera egin nahi dugu.

2021·04·16


Astigarragako Sagardoetxeak hamabost urte betetzen ditu aurten. Zehazki, 2006ko irailean ireki zituen ateak eta orduz geroztik asko dira bertan aurrera eramandako ekintzak, baita bertara hurbildutako bisitariak ere. Urte hauetako hazkundea kontutan hartuta, Sagardoetxearen kudeaketan parte hartzen dutenen artean honen bilakaeraz hausnartu beharra ikusi dugu.

Prozesua

Lehen fase honetan Sagardoetxearen ibilbidea ezagutu eta gaur egungo egoeraren azterketa partekatua bideratu nahi dugu, etorkizunera begirako eszenatoki desberdinak landu eta eraiki asmoz. Bigarren fase batean, aldiz, Sagardoetxearen etorkizunaz herri galdeketa egitea da asmoa.

Hausnarketa-prozesua Elhuyarrek bideratuko du eta Astigarragako Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko oinarriak ezartzea eta herri galdeketarako aurrelanak egitea du helburu.

Hausnarketa-prozesuan parte hartzeko modu eta espazio desberdinak aurreikusi ditugu.

Alde batetik, hausnarketa-taldea, zeina Astigarragako eragile eta herritarrek osatuko duten. Guztira, hogeita bost lagunek parte hartzea aurreikusten dugu eta talde honen egitekoa Sagardoetxearen gaur egungo egoeraren analisitik etorkizunerako eszenatoki desberdinak lantzea da, beti ere, entzute- eta eztabaidatze-ariketa oinarri.

Bestalde, herritarrei zabaldutako saioak izango dira. Kasu honetan, Sagardoetxearen gaur egungo egoera aurkeztu, etorkizunera begira Hausnarketa Taldeak landutako oinarriak partekatu eta kontrastatu eta herritarren ekarpen eta proposamenak jasotzea izango dute helburu.

Testuinguru honetan, hausnarketa taldearen lehen saioa apirilaren 22an egingo dugu eta bigarrena maiatzaren lehen asterako dugu aurreikusita. Eta herritarrei zuzendutako kontraste-saioak maiatzeko bigarren hamabostaldian izango dira.