Albisteak
Sagardoetxearen etorkizunari buruzko bigarren saioa egingo du Hausnarketa Taldeak ostegun honetan, maiatzaren 6an
2021·05·04
Astigarragako Sagardoetxeak hamabost urte betetzen ditu aurten. Zehazki, 2006ko irailean ireki zituen ateak eta orduz geroztik asko dira bertan aurrera eramandako ekintzak, baita bertara hurbildutako bisitariak ere. Urte hauetako hazkundea kontutan hartuta, Sagardoetxearen kudeaketan parte hartzen dutenen artean honen bilakaeraz hausnartu beharra ikusi dugu.
Lehen saioa apirilaren 22an egin zuen Hausnarketa Taldeak. Talde horretan parte hartzen ari dira Astigarragako elkarte eta eragileak, sagardogileak, Sagardoetxea eta udala. Saio horretan Sagardoetxearen ibilbidea ezagutu eta gaur egungo egoeraren azterketa partekatua egin zuten bertaratutakoek.
Bigarren saioa maiatzaren 6an izango da, 18:00etan hasita, Kultur Etxe Zaharreko aretoan, helburu garbi batekin, etorkizuneko aukerak aztertzea.
Parte hartze prozesu honi buruzko informazioa (helburuak, faseak, aurkezpenak, aktak eta abar) Udalaren webgunean dituzu eskura: https://www.astigarraga.eus/eu/parte-hartu