Albisteak
2021·07·07
Hausnarketa taldea osatu dute Astigarragako hainbat eragile eta elkarteetako ordezkariek, Udal Osoko Bilkurako hainbat ordezkariek, baita herritar bakan batzuek ere. Eta euren egitekoa Sagardoetxearen etorkizuna irudikatzea izan da, herri-galdeketarako oinarriak lantzearekin batera.
Lehen hausnarketa-saioan Sagardun Partzuergoko ordezkariek Sagardoetxearen 15 urteetako ibilbidea azaldu zuten, gaur egungo egoera eta beharrak partekatzearekin batera. Azalpen hauek oinarri hausnarketa-taldeak hainbat marra-gorri ezarri ditu, hala nola, Sagardoetxeak herriarekin eta herritarrekin harreman zuzena izaten jarraitu behar duela; sagastia ezinbesteko elementu izan behar duela…
Bigarren saioan berriz, etorkizuneko eszenatoki desberdinak landu zituzten eta bi izan ziren lan-saio honetatik ateratako ondorioak. Batetik, Sagardoetxeak gaur egungo egoera gainditu eta dituen beharrei erantzuteko proposamen berri eta zabalagoa behar duela izan. Eta bestetik, Sagardoetxea ez dela museo soil bat, eta bestelako erabilera eta dinamikak lantzen eta proposatzen jarraitu behar duela.
Eta hausnarketa-taldearen azken saioan Sagardoetxearen etorkizuneko proposamen bakarra esku artean, herri-galdeketari heldu zitzaion. Astigartarrei zein galdera luzatu adostu zen bertan eta herri-galdeketaren inguruko informazio-kanpaina eta jarraipena nola izan beharko litzatekeen irudikatu zen.
Tartean herritarrei zuzendutako kontraste-saioa izan da. Parte hartze baxuko saioak izan dira, hala ere, hausnarketa-taldeak landutako proposamena kontrastatzeko balio izan du.
Herri-galdeketa
Testuinguru honetan, Astigarragako Udalak Astigarraga sagar- eta sagardo-kulturaren erreferente izateko bidean hausnarketa-taldeak landutako proposamena herri-galdeketara eramango du, hausnarketa-prozesuan zehar adostutako galderaren bidez.
Herri-galdeketa bideratzeko lehen urratsa, uztaileko Udal Osoko Bilkuran onartzea izango da. Tartean ere, herri-galdeketaren jarraipena egingo duen berme-taldea osatuko da, non Astigarragako Udal Osoko Bilkurako hiruzpalau ordezkarik, Sagardun Partzuergoko bi ordezkarik eta hausnarketa-taldean parte hartu duten bi-hiru lagunek osatuko duten. Eta, hurrengo izapidea berriz, Espainiako Gobernuari herri-galdeketa egiteko baimena eskatzea izango da.
Hortaz, bat eta beste, Astigarragako herritarrek Sagardoetxearen inguruko euren iritzia hiruzpalau hilabete barru eman ahal izatea espero du Astigarragako Udalak.