Albisteak

Atzealdea Sagardo plaza eraldatzeko lanak abian dira

Dagoeneko hasita daude Sagardo plazako ingurua hesitzen eta zegoen jolastoki txikia kentzen. Lanak otsailaren erdialderako amaituta egotea aurreikusten da

2024·01·26


Sagardo Plazako jolas eta aisialdi guneak egokitzeko helburu nagusia plazaren izaera eta zentralitatea berreskuratzea da. Erabilera handiko eremua denez, ibilbide irisgarriak bermatuko dira.

Gaur egun lurzoruan dagoen irudi organikotik abiatuta eta lurzoruaren topografiarekin jolastuz sortuko da Sagardo plazako jolasgune berria. Bi irla izango ditu, kautxuz egindako bi irla menditsu: txirristadun irla eta irla gorabeheratsua. Topografiak berak jokoa ahalbidetuko du, baina irla bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu. Batetik, txirristadun irlak txirrista bat izango du. Eta bestetik, irla gorabeheratsuak azalera handiagoa hartuko du, eta bi elementuk osatuko dute: tutu-tunelak eta ohe elastikoek.

Jolas-gunea adin tarte desberdinetara egokituko da, eta egun dagoen jolastoki estaliarekin konplementatuko da. Jolasguneaz gain, aisialdirako gunea ere egokituko da, plazan dauden zuhaitzen inguruan eserleku berriak jarriko dira. Bankuek kokapen estrategikoa izango dute eta presentzia handiagoa lortuko dute plazan.

Aurrekontua 72.108,18 eurokoa da (BEZa barne) eta otsailaren erdialderako amaitzea aurreikusten da.

“Jolastuko al gara” prozesu parte-hartzailearen emaitza

2021ean, udalak "Jolastuko al gara?" partaidetza-prozesuari ekin zion, haur, nerabe eta gazteen beharrak eta nahiak ezagutzeko, herriko jolasguneak eraberritzeko orduan. Parte hartze prozesu honetan, besteak beste, herri eskolako eta gaztelekuko haur eta nerabeek parte hartu zuten. Sei jolasgune berritzeko irizpideak zehaztu ziren eta horietako hiru berritzea erabaki zen: Murgia, Sagardo plaza eta ibai-parkea.

Murgiakoa amaituta dago eta martxan dira, alde batetik, Sagardo plaza eta, bestetik, ibai-parkea.