Albisteak
Atzealdea Portugalgo udal, mankomunitate eta enpresa ezberdinen ordezkariak Astigarragan izan dira hondakinen kudeaketa ezagutzen
2024·09·20

Bisita hau Zero Waste Europe-k antolatu zuen eta helburua Portugalgo hondakin politikak aldatzeko eredu ezberdinak ezagutzea izan da, Europako araudiak betetzeko betiere.
Lehenik eta behin, harrera egin zitzaien Astigarragako udaletxe atarian eta ondoren datu teknikoen aurkezpena egin zen pleno aretoan. Azkenik, kalean bertan kaleko edukiontziak, mini garbiguneak, olio makinak eta ehunkien edukiontziak bisitatu ahal izan zituzten, Xabier Urdangarin alkatea eta Garbitaniako ordezkarien eskutik. Jakina denez, hondakinen kudeaketaz arduratzen den eta Zero zabor filosofia duen enpresa publiko horren partaidea da Astigarragako Udala, Hernani eta Usurbilekin batera.
Astigarragako udalerriko komertzio eta etxebizitzetako hondakinak edukiontzi bidez jasotzen dira eta industria poligonoetako hondakinak berriz, atez-ate jasotzen dira eta sortzearen araberako ordainketa aplikatuz.
Astigarragako bisita amaitu ondoren, Hernaniko atez-ateko sistema ezagutzera joan ziren eta jarraian, Usurbilgo hondakin bulegoko hezitzaileak Usurbilgo hondakinak kudeatzeko sistema azaldu zien, poligonoez gain, etxebizitza eta komertzioetan sortzearen araberako fiskalitatean oinarritutakoa.
