Albisteak
Atzealdea

Plax! Zerbitzua berriro martxan

Udal sexu eta bikote aholkularitzak 2021-2022 ikasturtean berriro ekin dio bere aktibitateari.

2021·10·05


Aurreko ikasturtean bezala, Astigarragako biztanleen harreman sentimentalei eta helburu erotikoei bidelaguntza eskainiko zaio, modu konfidentzialean eta doan. Zehazki, sexu eta bikote-aholkularitza zerbitzuak 3 ildo nagusi landuko ditu:

  • Helduentzako arreta pertsonalizatua.
  • Herriko talde eta eragileekin formakuntzak eta tailerrak.
  • Herrian sexuaren eta afektibitatearen inguruko sentsibilizazioa.

Astigarragako Osasun Zerbitzuarekin elkarlanean jarraituko da, bere zerbitzuak osagarrituz. Gaztelekuarekin koordinatuta jarraituko du estuki nerabeetara iristeko. Eta Urumeako Kronikan ohiko kolaborazioari jarraipena emango zaio albiste, erreportai eta iragarkien bidez.

Bizitzako garai desberdinetan ematen diren erronken aurrean laguntza harremana eskura jarriko da: haur txikien gurasoen bizitza erotiko zein sentimentala aberasteko, emakume helduen plazera eta aukera berriak esploratzeko, trebetasun berriak esploratzeko gaztaro, helduaro zein zahartzaroan edota bikote gatazken aurrean irizpideak eskaintzeko, besteak beste.

2020-2021 ikasturtean 

  • Gizon eta emakume helduentzako 62 saio pertsonalizatu eskaini ziren.
  • Gazte eragileei 4 formakuntza eskaini zitzaien
  • Gazteekin 3 tailer eskaini ziren hilekoari buruz eta sexualitateari buruzko zalantzak argitzeko
  • Emakumeentzako menopausia eta erotismoari buruzko ziklo labur bat burutu zen ·
  • Gurasoentzako haurrak eta pornografiari buruzko 2 hitzaldi egin ziren

Balorazioa

Erabiltzaileen balorazio orokorra oso ona izan da. Zerbitzuak eskaintzen dizkien baliabideak asko estimatu dituzte eta herri mailan egin diren aktibitateei jarraipena emateko eskaerak jaso dira.

2019-2020 ikasturtean izandako balorazio positiboa ikusirik eta zerbitzuaren garrantziaz jabeturik, Udalak Plax zerbitzua sendotu eta egonkortzeko apustu garbia egin du. Beraz, 4 urterako kontratua sinatu du Arremanitz enpresarekin.

Horrelako zerbitzuak, orain arte arlo pribatuan eskaintzen ziren batez ere. Eta beraz, jendartearen zati handi batek uko egin behar izaten zion horrelako aholkularitzari, arrazoi ekonomikoak zirela eta. Udalaren ustez, sexua eta afektibitatea osasunaren parte garrantzitsua da eta instituzioek horrelako zerbitzu profesionalak bere herritarrei doan eskaintzea ezinbestekoa da.