Albisteak
Atzealdea Plan orokorraren berrikuspena abian jarriko du Udalak
2019·11·27
Indarrean dagoen Astigarragako Plan Orokorraren behin-betiko onarpena 2010eko urtarrilaren 22an argitaratu zen. 10 urte ondoren, Plan osoa berrikusteko unea iritsi dela uste du EH Bilduren Udal Gobernuak eta hauteskunde-programan agindu bezala, abian jarriko du Plan Orokor berria osatuko duen talde idazlea aukeratzeko lehiaketa.
Diziplina anitzeko taldea izan beharko du Plan Orokorra idatziko duen taldea. Besteak beste, arkitektoa, soziologoa eta parte-hartzean eta genero berdintasunean adituak beharko ditu izan taldeak. Talde honek, Udaleko gainerako teknikari guztiekin elkarlanean egin beharko du lan.
Plan Orokor berriaren idazketa-zerbitzua 363.000 eurotan (BEZ barne) baloratu da eta urtarrila amaierarako esleipena gauzatua egotea aurreikusten da. Aldiz, Plan Orokorraren behin-betiko onarpena lortzeko gutxienez 4 urte beharko direla kalkulatzen da.
Zer da Plan orokorra?
Plan Orokor batek herri baten etxebizitza eta jarduera ekonomiko eremuen garapena zehazten ditu, hirigintza arloko arautegiak jasotzen ditu, landa-eremuaren babes-politikak eta erabilerak mugatzen ditu eta azpiegitura eta zerbitzu publikoen aurreikuspena jaso behar ditu. Beraz, Plan Orokor berriak Astigarragako hurrengo hamarkadetako norabidea eta lehentasunak zehaztuko ditu.
Plan orokor berria, partehartzailea eta guztiona
Plan Orokor berria egungo Plan Orokorrarekin alderatuta, errotik desberdina izatean nahi du Udal Gobernuak, bai helburu, eduki zein formetan.
Egungo Plan Orokorra herritar gehiengo baten hitza ukatuz egin zen. Adiz, oraingoan Udal Gobernua herritarrekin eta auzotarrekin batera osatu nahi du Plan Orokor berria. Udal Goberna auzoetara gerturatuko da, herritarrekin batzarrak antolatuko ditu, herriko elkarteen parte-hartzea bermatuko du eta alternatiba desberdinen aukeraketa herritarrek erabakiko dute. Astigarragan inoiz egin den parte-hartze prozesu zabalena eta parte-hartzaileena izatea du helburu Udal Gobernuak.
Helburuetan ere oso bestelako izango da Plan Orokor berria. Aurreko Plan Orokorrak zerbitzu eta azpiegitura publikoak ahaztuta, etxebizitzen neurrigabeko eraikuntza izan zuen helburu bakarra eta eraikuntza enpresa eta promotoreak izan ditu onuradun nagusiak. Adiz, Plan Orokorrak etxebizitza berrien eraikuntza mugatuko du eta astigartar guztiak jarriko ditu erdigunean: haurrak, nerabeak, gazteak, emakumeak eta adinekoak.
Horretarako, Plan Orokorrak kalitatezko hezkuntza azpiegiturak eta zerbitzuak aurreikusi beharko ditu, haur, nerabe eta gazteentzako aisialdi espazioak, gazteen emantzipazioa bideratzeko etxebizitza duin eta eskuragarriak, emakumeentzako herri-gune seguru eta askea, adinekoentzako zerbitzu eta azpiegitura gehigarri eta osagarriak, herritar guztiak artatzeko gai izango osasun-etxea, herrian jarduera ekonomikoari eutsi eta berriak erakartzeko guneak berrantlatu…
Gainera, esfortzu berezia egingo da auzoetan kalitatezko bizitza bermatzeko azpiegiturak eta zerbitzuak ahalbidetzeko, herria aldaketa klimatikoari aurre egiteko gaitasuna izan dezan, ingurumena eta landa-eremua babesteko, euskararen erabilera arriskuan jarriko duen garapen oro baztertzeko eta genero ikuspegia herriaren hirigintza diseinuko atal guztietan txertatzeko.
Hau guztia herritar eta eragile guztiekin batera landu, osatu, adostu eta erabakiko du Udal Gobernuak. Horretarako, lehen urrats bezala hurrengo hilean Hirigintza Aholku Batzordea martxan jartzea aurreikusten da. Bertan, alderdi politikoen ordezkariak, herritarrak, eragileak eta udal-teknikariak elkartuko dira eta Plan Orokorraren idazketa prozesu osoaren jarraipena egingo zaio eta parte-hartze prozesu osoa adostuko da.