Albisteak

Atzealdea Palestinari buruzko Adierazpena

Astigarragako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu zuen Palestinari buruzko Adierazpena, 2024-06-21ean.

2024·06·24


Joan den maiatzaren 15ean, NAKBAren 76. urteurrena bete zen eta urtemuga horrek gogorarazten digu palestinar herriak hamarkadak daramatzala Israelen apartheid erregimenaren mende. Egoera are larriagoa da 2023ko urriaren 8tik Israel Gazako zerrendaren eta Palestinako lurralde osoaren aurka egiten ari den eraso militarraren ondorioz.

Israelek 36.000 pertsona baino gehiago hil eta 80.000 baino gehiago zauritu ditu, horietatik % 70 emakumeak eta haurrak. Gazako biztanle gehienak beren bizitokia nahitaez lekualdatzera behartuak izan dira. Hein handi batean Zerrendaren hegoaldera desplazatuak izan dira, Rafah-era. Lurralde horrek ez ditu lekualdatutako pertsonak artatzeko behar diren gutxieneko azpiegitura eta baliabideak. Bitartean, laguntza humanitarioa dakarten ehunka kamioik, batez ere elikagaiak, Egipto eta Gaza arteko mugan blokeatuta jarraitzen dute, Israelen onespenaren zain.

Genozidioa salatzen duten protestak eta munduan zehar Palestinako herriari elkartasuna adierazten dioten adierazpenak ere aipagarriak dira. Euskal Herrian, herritarrek Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta berehalako su-etena eskatzeko mobilizazio asko gauzatu dituzte. Gernika-Palestina edo Yala Nafarroa plataformak erreferente bihurtu dira herri palestinarraren aldeko borrokan eta, beraz, Israel egiten ari den genozidioaren aurkako borrokan. Bestalde, mundu osoan zabaltzen ari den ikasleen elkartasun-olatua Euskal Herrira ere iritsi da, eta dozenaka ikaslek Palestinarekiko elkartasun-ekimenak garatu dituzte, UPV/EHUn edo NUPen kanpaldiak, batzarrak eta mobilizazioak eginez.

Horregatik guztiagatik, Astigarragako Udalak:

  1. Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzen du, eta elkartasuna eta konpromisoa adierazten dio herri palestinarrari.
  2. Israeli Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa betetzeko eskatzen dio, baita NBEren ebazpenak eta Nazioarteko Justizia Gorteak emandako ebazpenak ere.
  3. Israeli irmoki eskatzen dio korridore humanitarioak irekitzeko eta Gazan eta Zisjordanian sua berehala eta modu iraunkorrean eteteko.
  4. Irlandak, Norvegiak eta Espainiako estatuak Palestina estatu gisa ofizialki aitortzeko ekimena babesten du, euskal gizarteak aspalditik eskubide hori aitortzen diola aintzat hartuta.
  5. UNRWA Nazio Batuen Agentziari babesa ematen dio eta Palestinan egin behar duen ezinbesteko lana aitortzen du.
  6. Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuei, Nafarroako Foru Erkidegoari, Estatuko Gobernuari eta nazioarteko gainerako eragileei eskatzen die Palestinarekin dauden lankidetza-proiektuekin jarraitzeko eta indartzeko, eta eremu horretan lan egiten duten erakundeei babesa emateko eskatzen die.
  7. Europar Batasunari eta, oro har, Nazioarteko Erkidegoari eskatzen dio ahaleginak areagotzeko, bahitu eta preso guztiak askatzera eta herri palestinarrarentzat bake justu eta iraunkorra lortzera bideratutako kudeaketa diplomatikoak bultzatzeko.
  8. Herri palestinarrak estatu burujabe eta bideragarria izateko duen eskubidea berresten du.
  9. Bere babesa ematen die Gernika-Palestina eta Yala Nafarroa Palestina eta Palestina plataformei, eta Palestinan giza eskubideen eta bake justu eta iraunkorraren defentsan egiten ari den lan garrantzitsua babesten du.

Ikusi Adierazpena osorik