Albisteak
Atzealdea Otsaileko Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzarrean hartutako erabakiak
2022·02·23
Otsailaren 22ko Osoko Bilkuran eta Tokiko Gobernu Batzarrean hainbat erabaki garrantzitsu hartu ditu Udalak.
Hiru ordenantza aldatzeko hasierako akordioak hartu ditu plenoak. Alde batetik, ordenantza fiskala aldatzeari hasierako onarpena eman dio Udalak, hiru lurren balio gehikuntzari buruzko atala aldatu eta Aldundiak azaroan indarrean jarri zuen 7/2021 Foru Dekretu-Araura egokitzeko. Bestetik, merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren hainbat atal aldatzeari hasierako onarpena eman dio, besteak beste ordenantza aplikatzen den eremua eta baldintzak egokitzeko. Eta, azkenik, Udal Etxebizitza Tasatuak arautzen dituen 2008ko ordenantza aldatzeari hasiera eman dio, besteak beste 2015ean indarrean sartu zen Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legera egokitzeko.
Gizarte zerbitzuen arloan, plenoak, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu du, etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko eta, bestetik, luzatu egin ditu etxez etxeko laguntza zerbitzua eta babestutako etxebizitzetako erabiltzaileentzako laguntza zerbitzuaren kontratuak.
Mozio eta adierazpenen atalean, Martxoaren 8a, Emakumeon Nazioarteko Eguna, dela eta, Osoko Bilkurak adierazpen instituzionala onartu du aho batez, konpromiso zehatzak hartuz eta herritarrei dei eginez Martxoaren 8arekin loturiko ekimenetan parte hartzeko.
Hainbat dirulaguntza deialdi ireki onartu ditu Udalak. Deialdi eta oinarri horiek laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
- Gizarte-zerbitzuen esparruan jarduerak, proiektuak eta programak garatzeko dirulaguntzak (18.000,00 euro)
- Garapenerako lankidetza-programentzako dirulaguntzak (73.000,00 euro). • Merkataritza-ekintzailetza sustatzeko (negozio berriak jartzeko edo eskualdatzeko) dirulaguntzak (18.000,00 euro).
- Kirol arloko dirulaguntzak: kirol ekintzak, kirolariak eta kirol programak (26.000,00 euro)
- Kultura, euskara eta jaien arloetako dirulaguntzak (79.000,00 euro).
Herriko elkarteen dirulaguntzen arloan, hainbat elkarteren 2022ko dirulaguntzak eta hitzarmenak onartu dira. Elkarte horiekin laster hitzarmenak sinatu eta lehen ordainketa egingo zaie, dirulaguntzaren %70. Hona hemen:
- Astiko Elkartea, urteko programa eta jardueretarako, 25.000,00 euro
- Astikat elkartea, katuen kolonien zainketarako, 5.000,00 euro
- Mundarro Elkartea, urteko jardueretarako, 75.000,00 euro
- Gazte Asanblada, urteko jardueretarako, 8.500,00
- Goldea elkartea, urteko programa eta jardueretarako, 18.000,00 euro
- Astigarragako Herri Eskola, igeriketa kanpainarako, 6.258,00 euro
- Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartea, 2021-22 ikasturteko eskola kirolerako, 7.134,84 euro
- Aiztondo abesbatza, urteko programa eta jardueretarako, 14.815,50 euro
- Txirriskla taldea, urteko programa eta jardueretarako, 8.330,00 euro
- Euskaraz Koop. Euskaltegia, urteko programa eta jardueretarako, 17.507,59 euro
- Dobera elkartea, 30.000,00 euro.