Albisteak
Atzealdea Otsaileko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin ditu Udalak
2026·02·25

Martxoak 8-ko adierazpen instituzionala onartu da aho batez.
Martxoaren 8a, Emakumeon Eguna, orain arte lortutakoa ospatzeko eguna ez ezik, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feministaren eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gainean jartzeko eguna da. Ezinbestekoa da eskubideen aldeko borrokan mugimenduak jendarte guztia inplikatzeko izan duen eraginaz mintzatzea. Alde horretatik, instituzio honi dagokion ardura hartzetik aurkezten dugu adierazpen hau.
Azken urteotan kezkaz bizi dugu nola ari den hazten diskurtso bat emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturala ukatzen duena, indarkeria matxista zalantzan jartzen duena eta feminismoa mehatxu bat balitz bezala gutxiesten duena.
Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da.
Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere.
Horregatik, Astigarragako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
- Gure udalerri eta eskualdeetan, diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiteko eta informazio faltsuen hedapena desaktibatzen laguntzea.
- Udaleko Berdintasuna saila giza baliabide egonkorrez ez ezik, Berdintasun zein barne Planak gauzatzeko beharrezko baliabide ekonomikoz hornitzea.
- Astigarragako Emakumeen Etxeari bere jarduera eta lan politikoa gauzatzeko elkarlanean jarraitu eta beharrezkoak dituen baliabideak bermatzea.
- Berdintasun Mahaia elikatu eta indartzea, gobernantza eredu parte hartzaile eta demokratiko bat garatzeko asmoz.
- Berdintasun zein barne planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
- Mugimendu feministarekin batera zaintzen aldeko herri akordioarekin bat egin eta landutako puntuak espazio partekatuetan aurrera eramatea, zaintza mahain besteak beste.
- Hezkidetza plana abiatzea, hezkuntza formal eta ez fomaleko erakunde zein eragileekin.
Horrekin batera, udalak dei egiten die herritarrei, mugimendu feministak gure herri eta eskualdeetan egingo dituen ekimen eta mobilizazioak babestu eta horietan parte hartzera.
Hainbat kontratazio-espediente onartu edota esleitu dira.
- Nerabeentzako zerbitzuaren kontratazio-espedientea onartuta geratu da
Helburua Astigarragako nerabeentzako zerbitzu balioaniztuna kudeatzea izango da (informazioa, orientazioa, laguntza, aisia-hezkuntza, adierazteko eta parte hartzeko kanalak, eta sorkuntza eta ekoizpenerako laguntza). Zerbitzu horrek berekin dakar zerbitzua diseinatzea, planifikatzea, antolatzea, ematea eta ebaluatzea.
- Santiagomendiko natur-eskola eta aterpearen kudeaketarako zerbitzuaren kontratazio-espedientea onartuta geratu da
Kontratu honen xedea da Santiagomendi aterpetxearen erreserbak eta erabilera kudeatzeko, mantentzeko eta garbitzeko zerbitzuak, bai eta ingurumenean jarduera naturalak antolatzea ere.
- Norberto Almandoz plazako azoka txikirako estalki bizia eraikitzeko kontratazio-espedientea esleitu da
Norberto Almandoz plazako azoka txikirako estalki bizia eraikitzeko obra-kontratuan bioeraikuntzako irizpidekin egin beharreko lanen kontratazio-espedientea EGURPE, KOOP. ELK. TXIKIA enpresari esleitu zaio, 163.524,40 eurotan (BEZ gabe).
Obrak martxoan hasiko direla aurreikusten da.
Bestalde, zerbitzu kontratu bat luzatzea erabaki da.
- Eraikinen garbiketako zerbitzu-kontratua luzatzea. LIMPIEZA Y MANTENIMIENTO IMPACTO SL enpresari esleitutako Astigarragako Udalaren jabetzako edo hark kudeatzen dituen eraikinak eta lokalak eta Astigarragako ikastetxeak garbitzeko zerbitzu-kontratuaren 1go lotearen (garbiketa arruntak) kontratuaren urtebeteko luzapena onartuta geratu zen, eta ondorioz, kontratua 2027ko ekinaren 30a arte luzatu da.
Lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketa bat martxan jartzeko oinarriak onartu dira.
- Udatzain agente lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketa Udaltzaingoaren agente plaza bat, txanda irekia eta lehiaketa-oposizio bidez, behin betikoz hornitzeko hautaketa-prozesuaren oinarri-arauak onartu zituen Tokiko Gobernu Batzarrak.
Indarkeriari lotutako bi protoko onartu dira Tokiko Gobernu Batzarrean
- Indarkeria Matxistaren biktimei arreta emateko erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa.
Astigarragako Udala, Astigarragako Emakumeon Etxea, Osakidetza eta Ertzaintzaren arteko protokoloa onartzea, indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko erakundeen arteko koordinaziorako.
- Astigarragako haur eta nerabeen babes sistema integrala. Udal plana eta protokoloa.
Udalak haurren eta nerabeen ongizaterako hainbat ekimen eta programa ditu abian. Horrekin batera, 2025ean zehar, "Geriza" markaren baitan, haurrak eta nerabeak babesteko protokolo bat egin zuen herriko hainbat elkarterekin, prestakuntza eskaini zitzaien elkarteei eta urtean hiruzpalau aldiz koordinaziorako biltzen den ongizate-arduradunen sare bat eratu zen. Bide horri jarraituz, Astigarragako haurrak eta nerabeak babesteko udal plana eta protokoloa otsaileko Tokiko Gobernu Batzordean idatzi eta onartu zen.
Euskararen arloan, udalerrian euskararen erabilera sustatzeko 2026ko plana (UEMA) onartuta geratu da.
Hainbat dirulaguntza ere onartu dira, izendunak eta lehia askekoen oinarri zein deialdiak
- Adin txikikoen osasun, hezkuntza eta oro har, garapenaren baitan sortzen diren beharrei erantzuna emateko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia.
Adin txikikoen osasun, hezkuntza eta, oro har, garapenearen baitan sortzen diren beharrei erantzuna emateko lagungarriak izan daitezkeen tratamenduetarako dirulaguntzak ematea.
Badira urte batzuk Udalak dirulaguntza hauek martxan jarri zituela, aurten oinarrietan jaso den berrikuntza nagusia, jaso daitekeen kopuruaren igoera izan da, lehen eskatzaileak 850 euro jaso zitzaketen eta orain kopuru hori 900 euroetara igo da.
- Gizarte arloko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia.
Gizarte zerbitzuen baitan dauden beste dirulaguntza batzuk dira. Kasu honetan, helburua aparteko laguntza ekonomiko hauek emateko irizpideak arautzea da.
Laguntza hauen xedea oinarrizko beharrak asetzea da, baliabide ekonomikorik ez eta bestelako laguntzak jaso ezin dituzten pertsona edo familiei zuzenduta daude.
- Dirulaguntza izenduna Eragiyok abesbatzari.
10.000 euroko dirulaguntza izenduna onartuta geratu da abesbatzak urtean zehar egiten dituen ekintzak abiatzeko.
- Dirulaguntza izenduna Ergobi Gastronomi elkarteari.
4.000 euroko dirulaguntza izenduna onartuta geratu da auzoan egiten den Euskal Jaia antolatzeko. Euskara sustatu eta auzoko balore gastronomiko eta kulturalak aditzera emateko, besteak beste.
- Dirulaguntza izenduna Norberto Almandoz musika eskolari.
165.000 euroko dirulaguntza izenduna onartuta geratu da. Besteak beste ekintza hauek bideratzeko: irakaskuntzaren programazioa burutu eta kultura eta kultura-jarduerak antolatzea eta sustatzea, besteak beste.
- Dirulaguntza izenduna Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkarteari
45.000 euroko dirulaguntza izenduna onartuta geratu da, honako ekintzak burutzeko:
- Eskolaz kanpoko kirol programa.
- Eskolaz kanpoko ekintzak.
- Igeriketa kanpaina.
- “Euskaraz jolastuz” programa.
- Psikomotrizitate behaketak
- Dirulaguntza izenduna Dobera Euskara Elkarteari
35.000 euroko dirulaguntza izenduna onartuta geratu da. Astigarragan euskaraz idatzitako herri-komunikabide propio bat izateko; alegia, herriko albisteak bilduko dituen Kronika kaleratu eta banatzen jarraitzeko, egunero-egunero paperezkoan eta baita edizio digitalean ere.
