Albisteak
Atzealdea Otsaileko Osoko bilkura, aztertutako gaiak
2020·02·26
Hirigintza aholku batzordea
Hirigintza aholku batzordearen arautegiari hasierako onarpena eman zitzaion astearteko Osoko Bilkuan.
Plan Orokorra behin betiko onartzeko Udal Planeamenduari buruzko Aholku Batzordea –eztabaidarako eta aholkuak emateko tokiko organo gisa– eratuko du Astigarragako Udalak (Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak dion bezala).
Aholku batzorde horrek tokiko entitateari hirigintza antolamendurako oinarrizko tresnak egin eta onartzen laguntzea du xede; eta, zehatzago, Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko zehaztapenei lotuta.
Organo horrek hirigintza plangintzan gizartearen partehartzea antolatzea ahalbidetuko du, hirigintzako ondasunak babestea eta udalerriaren garapen zentzuzkoa eta sostenigarria bultzatuz.
Batzordeko kideak aukeratzeko garaian, ahalik eta osaketa pluralena egin nahi izan du Udalak; hori dela eta, Udaleko ordezkariez gain, herriko merkataritza, hezkuntza, kirol, berdintasun eta kultur arloko ordezkariek osatuko dute batzordea, herriko gazte, adineko pertsona eta auzoetako ordezkariekin batera.
Soldata igoeraren proposamena
EUDELek proposatu duen bezala, Udal langileen ordainsariak eta ordainsarietan jasotzen diren kontzeptu guztietan eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginarekin, % 2ko soldata-igoera gauzatzeari oniritzia eman zitzaion atzo Osoko Bilkuran.
Bestetik, aurreikusten diren beste soldata-igoeren (%1ekoa eta %0,3koa) berri eman zen, eta aurrerago aztertuko direla azaldu.
Berdinsarea: Berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako biolentziaren aurkako Euskadiko Udalen sarea
2005ean eman ziren Berdinsarea osatzeko lehen urratsak. Emakunde eta EUDELek Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten Berdintasunaren aldeko eta Emakumeen kontrako Biolentziaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea abian jartzeko.
Berdintasunaren aldeko eta Biolentziaren kontrako lanaren errealitatea eta tokiko erronkak kontuan hartuko dituen metodologia parte-hartzailea bultzatu nahi da sare honen bitartez.
Honekin guztiarekin bat eginez, Berdinsarera atxikitu nahi izan du Astigarragako Udalak, eta horrela onartu zen otsaileko Osoko Bilkuran.
Haur eskola berriaren idazketa proiektua
Udaleko teknikari eta Kiriketa Haur Eskolako hezitzaileen ekarpenekin aurreproiektu bat landu du azken hilabeteotan Barru Arquitectura SLP enpresak.
Bertan, Kontxa Etxeberria 10-11ko etxabean kokatuko den Astigarragako Haur Eskola berria nolakoa izango den zehaztu da.
Astearteko Tokiko Gobernu Batzordean aurreproiektu horri jarraipena eta garapena emango dion proiektua idazteko lehiaketa martxan jartzea onartu zen.