Albisteak
Atzealdea Otsailean hasiko dira Emakumeon plazako lanak
2020·01·24
Emakumeon plaza hiritartzeko obrak egiten hasiko da Udala laster. Lanak egingo ditu SASOI ERAIKUNTZAK SL enpresak eta obraren prezioa 850.151,38 eurokoa da. Lanak burutzeko epea 7 hilabetekoa izango da.
Lan hauen helburua da izaerarik gabeko espazio publiko degradatu bat berreskuratzea, oinezkoentzako gune bihurtuz, eta aldi berean, merkataritza eta aisialdi jarduerarekin bat egingo duen oroitzapenezko gune bat lortzea. Horrela, Emakumeon plazari dagokion nortasuna emango zaio.
Estalpe bat egingo da, bertan, eszenatoki bat egongo da eta atzealdean emakumeen irudiak dituen beirazko mural handi bat. Benetako nortasuna eta izaera emateko Nagore Legarreta argazkilaria eta herriko talde eta emakumeek egingo dute lan muralaren diseinuan.
Emakumeon plaza erabat berritzeaz gain, inguruan dituen hiru plazak (Sagardo plaza, joseba Barandiaran plaza eta Pentagono plaza) oinezko-ardatz batean elkartuko dira.
Emakumeon plaza eta Tomas Alba kaleko zati degradatuenaren azaleko hiritartzea egingo da. Batetik, kota guztiak berdinduko dira irisgarritasun baldintzak hobetzeko. Bestetik, euri-urak biltzeko sare berria sortuko da.
Bi saio egingo ditu Udalak obren berri eta obrek eragingo dituzten aldaketen berri emateko, lehendabizikoa herritarrentzat eta bigarrena auzoko merkatari eta ostalarientzat: epeak, egingo diren lanak, trafiko aldaketak, obren inguruko sarbideak...
Bilera herritarrekin
- Eguna eta ordua: urtarrilak 27 (astelehena), 19:00etan
- Lekua: Gaztelekua (JB plaza)
Bilera inguruko ostalari eta merkatariekin
- Eguna eta ordua: urtarrilak 28 (asteartea), 15:00etan
- Lekua: Joseba Barandiaran plazan, gaztelekuaren aurrean.