Albisteak

Atzealdea Ostalaritzako establezimenduen jarraipenaren ondorioz, hainbat espediente bideratu dira 2024an zehar

Espediente gehienak terrazaren baldintzak edota zarataren ordenantza ez betetzeagatik izan dira

2025·01·10


2024ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarren herritarren eta ostalarien parte-hartzearekin diseinatutako Ostalaritzarako eta jatetxe-arlorako lurzoruaren okupazioak arautzen dituen ordenantza (terrazen ordenantza). Hori kontuan izanda, 2024an zehar Udalak hainbat jarduketa eta kanpaina burutu ditu ostalaritzako establezimenduen jarduerak kontrolatzeko, bereziki terrazak arautzen dituen ordenantza eta zaratari buruzko ordenantza betetzen diren ala ez jakiteko.

Jarraipen lan horren ondorioz, hainbat ohartarazpen, espediente eta isun jarri ditu Udalak.

Zaratari dagokionez, orotara 8 espediente zabaldu ditu Udalak, batzuk neurgailua itzalita edukitzeagatik, beste batzuk neurgailuko muga gainditzeagatik eta beste batzuk zarataren ordenantzako beste hainbat neurri ez betetzeagatik izan dira. Zortzi espediente horietatik une honetan 5 amaituta daude eta 1.000 eta 1.500 euro arteko isunak jarri dira. Guztiak kobratu dira. Beste hiru espedienteak oraindik amaitu gabe daude.

Terrazen eta lur publikoa okupatzeari buruzko ordenantzari dagokionez, 2024an zehar orotara 36 espediente izapidetu ditu Udalak. Espediente horien ondorioz Udalak 22 ohartarazpen egin ditu, 11 isun jarri ditu (txikiena 50 eurokoa eta handiena 1.350 eurokoa) eta beste 3 espediente tramitatzen ari da une honetan. 36 espedienteetatik, 24 ostalaritza establezimenduari dagozkienak baino mahai/aulki gehiago jartzeagatik izan dira, eta horietatik 9ri isuna jarri zaie.

Testuinguru horretan, kasu batek oihartzun handi samarra izan du 2024an zehar, hain zuzen ere ostalaritza establezimendu bateko jabeak Udalari leporatu diolako behin eta berriz bere eskubideak urratzea eta bere terrazari buruzko erabakiak modu arbitrarioan hartzea, establezimendu horri kalte egiteko asmo txarrez. Establezimendu horrek auzitara eraman zuen Udala eta oraintsu eman du epaia Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. aretoak. Sententziak ez du onartu ostalaritza establezimenduaren jabeak jarritako auzi errekurtsoa eta ezartzen du Udalak erabaki guztiak egoki eta ordenantzaren arabera hartu dituela, hau da, mahai kopurua, fatxada kopurua, alboko establezimenduen parean jartzeko aukera, etxepean mahaiak ez jartzeko erabakia eta abar era egokian hartu dituela. Epai hau garrantzitsua da, gaia erabakitzeko eta Udalaren jarduna (teknikariena nahiz udal agintariena) egokia izan dela argi uzten duelako. Epaia oraindik ez da irmoa eta errekurtsoa aurkez ahal dakioke.

Ikus sententzia