Albisteak

Atzealdea Osoko Bilkurak Mendiaundi-Aranibarreko orubea Hezkuntza Sailari lagatzeko akordioa hartu du, DBHko ikastetxea egin dezan

Hiritartze lanak egin ondoren, urrats garrantzitsua egin du Udalak, DBHko ikastetxea egiteko bidean. Orain, Hezkuntza Sailari dagokio, proiektua idatzi eta ikastetxea eraikitzea.

2021·07·23


Uztailaren 23ko Osoko Bilkuran Udalak urrats garrantzitsua egin du Astigarragan DBHko ikastetxea lortzeko bidean, izan ere, Mendiaundi-Aranibarreko orubea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari lagatzeko akordioa hartu du aho batez.

Gaurko Osoko Bilkuran Xabier Urdangarin alkateak adierazi du gaurko akordiora iritsi ahal izateko lan asko egin behar izan duela Udalak: Hezkuntza Sailari orubea egokia dela erakusteko azterketa eta aurreproiektua, irisgarritasun eta azalera arazoak argitzeko; hiritartze lanak, besteak beste Santiagomendiko ur biltegitik hilerrira doan tentsio erdiko linea elektrikoa lurperatzeko obrak (obra zibila eta Iberdrolaren lanak)… Alkateak esker oneko hitzak esan ditu lan horietan aritu diren udal departamenduentzat.

Amaitzeko, alkateak eskerrak eman dizkio DBH Orain plataformari eta plataformarekin bat egin duten herritarrei. Adierazi du Udala eta herritarrak bat eginda joan zirela maiatzean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera eta batzorde horren konpromiso argia ekarri zutela Astigarragara, orubea Hezkuntza Sailari laga ondoren proiektua idazten hasteko.

Uztailaren 23ko akordio honekin Astigarragan DBHko ikastetxe bat eraikitzeko ametsa errealitate bihurtzen hasi da.

Azken bi urteotan egindako urratsak

2019ko apirilean Hezkuntza Sailak Astigarragako Udalari jakinarazi zion orube hori desegokia zela, irisgarritasun aldetik hainbat eragozpen zituela eta eskatu zion beste partzela bat proposatzeko.

2019ko uztailean bilera egin zuen Udalak Hezkuntza Sailarekin. Udalak adierazi zion beste oruberik ez zegoela aukeran eta aipatutako arazoak konpontzeko modukoak zirela. Udalak konpromisoa hartu zuen orubearen irisgarritasun eta azalera arazoak aztertu eta proposamen zehatza egiteko, urtea amaitu aurretik. Azterlan horiek 2020ko urtarrilaren 13an aurkeztu zizkion Udalak Hezkuntza Sailari.

2020ko otsailaren 17an Hezkuntza Sailak erantzun zion ontzat ematen zuela Mendiaundi-Aranibarreko orubea, hiritartze lanak egitearen baldintzarekin (bereziki linea elektrikoa lurperatzea).

2020ko otsailean hasi zen Udala hiritartze lanak egiten. Udalak 730.000 euroko inbertsioa egin du orotara DBHko ikastetxea eraikitzeko orubea prestatzeko: aurreproiektuaren lanketa, pinudia eskuratu eta garbitu, orubea prestatzeko hiritartze lanak, Santiagomendiko ur biltegitik hilerrira doan tentsio erdiko linea elektrikoa lurperatzeko obrak (obra zibila, linea elektrikoa lurperatzeko Iberdrolaren lanak…).

2021eko apirilean amaitu zuen Udalak linea elektrikoa lurperatzeko obra zibila eta Iberdola linea elektrikoa lurperatzeko lanekin ekainean hasi zen.

2021eko maiatzaren 3an DBH Orain plataformako kideek eta udal ordezkariek agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Batzordekideek konpromiso argia erakutsi zuten Astigarragan DBHko ikastetxe bat eraikitzeko.

2021eko ekainean orubea lagatzeko espedientea izapidetzen hasi zen Udala.

2021eko uztailaren 23an Osoko Bilkurak Mendiaundi-Aranibarreko orubea Hezkuntza Sailari lagatzeko akordioa hartu du.