Albisteak

Atzealdea Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea: Gai esanguratsuenak

Joan den asteartean maiatzeko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea modu telematikoan egin zituen Udalak. Udal Plana eta merkatari, ostalari eta zerbitzu establezimenduentzako laguntzak onartzeaz gain, kiroldegiko ordutegia zabaltzea, zenbait obren lehiaketak martxan jartzea edota Berdintasun Sailaren ikerketa bat martxan jartzeko oinarriak onartu ziren, besteak beste.

2020·05·30


Hauek dira bi bilkuretan onartu ziren gai esanguratsuenak:

  1. Covid-19aren ondorioei aurre egiteko Udal plana onartu zuen asteartean Udalak. Bertan daude jasota martxotik gaur arte hartutako neurriak eta epe labur nahiz erdira martxan jarriko diren ekintzak.
  2. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduei laguntzeko bi ekimen abiatzea onartu zen. Alde batetik, dirulaguntzak ematea; eta bestetik, deskontu-bonoen kanpaina bat abiatzea.
  3. Zenbait obren lehiaketak martxan jartzea onartu zen:
  • Perurenako pilotalekuan auzo lokala egokitzeko obrak: Lokal horren erabilera soziala eta anitza izango da. Perurenako auzotarrek aisialdiko jardueretarako eta auzo- elkartearen bilerak egiteko erabiliko dute, besteak beste. Auzotarrek aspalditk duten nahia da,
  • Santiagomendiko auzoa berrurbanizatzeko obrak: Euri-uren saneamendua, argiteria eta zoladura berrituko dira auzoan, eta elektrizitate- eta telekomunikazio- sarearen lurpeko kanalizazioa egingo dira.
  •  Igerileku handiaren ontzia bitan banatzeko obra: Udaran igerileku txikian egoten den masifikazioa arintzeko asmoz, Udalak igerileku handiaren ontzia bitan banatzea erabaki du. Horrela, sakonera desberdineko bi igeri egiteko eremu lortuko dira igerileku handian. Hori dela eta, zenbait haurrek sakonera gutxien duen eremua erabili ahal izango dute, eta igerileku txikian haur kopurua murriztuko da.

4. Berdintasun sailaren ikerketa bat martxan jartzeko oinarriak onartu ziren. Beka honen helburua Astigarragako emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzea da.

5. Kiroldegiko ordutegia zabaltzea onartu zen. Herritarrek askotan egiten duten eskaera da. Udalak uste du zerbitzuaren hobekuntza hau bereziki lagungarria izan daitekeela covid-19aren pandemian ondorioz aforoa murriztu behar delako, eta ordutegia zabalagoa izateak ahalbidetuko du egunean dagoen erabiltzaileen kopurua handitzea.

Hau izango da ordutegi berria:

  • Ohiko ordutegia: ordutegi hau igerlekuko denboraldi amaieratik hurrengo urteko igerilekuko denboraldia hasten den arte egongo da indarrean:
    • Astelehenetik ostiralera: 7:00-22:30
    • Larunbatak: 9:00-20:00
    • Igandeak 9:00-13:00
  • Udako ordutegia: ordutegi hau igerilekuko denboraldiak irauten duen bitartean egongo da indarrean.
    • Astelehenetik ostiralera: 7:00-22:30  
    • Larunbatak eta igandeak: 9:00-20:30
  • Goizeko irekiera ordutegia: 9:00-15:00.

Ordutegi hau aplikatuko zaio kiroldegia irekitzen diren jai egunei eta gabonetako denboraldiari.

6. EH Bildu taldeak foru aldundiak aldebakarrez eta udalei zuzenean komunikatu gabe egindako udal finantziaziorako foru funtsaren murrizeketa salatzeko mozioa onartu zen.

7. Herrian hutsik dauden lokaletan jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duten ekintzaileei laguntzeko zein ixtear dauden negozioen eskualdatzeak sustatzeko dirulaguntza deialdia martxan jartzea onartu zen.