Albisteak
Atzealdea Ongizate emozionalari eta autozainketari buruzko ikastaroa
2023·04·13
Herritarrei zuzendutako doako ikastaro honen helburua bizitza osasuntsu, zoriontsu eta betea lortzeko baliabideak eskaintzea eta probatzea da. Urte osoko tailerra da, urtarriletik abendura (uztailean eta abuztuan izan ezik). Hilean bi saio egiten dituzte, hamabostero, astearteetan, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Etxe Zaharrean.
13 laguneko talde bat osatu da, horietatik 12 emakumeak eta gizon bakarra, guztientzat ikastaro honetan parte hartzen duten lehen aldia da. Hezitzailea Saioa Garmendia da, ongizate emozionalean, coach pertsonalean, emozioen kudeaketan, adimen emozionalaren garapenean eta mindfullness-ean aditua.
Saioa Garmendiaren hitzetan sumatzen da, nork bere ongizatea lantzeko egundoko beharra dagoela: <<jendea ez dago ondo emozionalki, besteek zer esango duten pentsatzen bizi gara eta sarritan gugandik espero dutena egitera mugatzen gara, baina askotan hori ez da nahi edo behar duguna.>>
Bestalde, formatzaileak esan du jendea ez dela barruan duen guztiaz jabetzen, eta ongizateari buruzko gaiak lantzen dituztenean hasten direla horretaz jabetzen.
ikastarora joaten diren pertsonek ondo sentitzea, emozioez jabetzea eta emozioak kudeatzen ikastea, arazoei aurre egiteko eta lasai eta harmonian bizitzeko gai izatea bilatzen dutela uste du; azken batean, zoriontsu izatea.
Zer egiten da tailerretan?
Dagoeneko egin dituzte zenbait saio, horietan dinamika desberdinak landu dituzte ongizate emozionalari lotutako zenbait gai jorratzeko. Arnasketari garrantzia ematen diote, nola dauden hautemateari, sentitzen dituzten emozioez jabetzeari eta horiei denbora eta espazioa eskaintzen dizkiote, hori guztia konfiantzazko giro batean egiten dute.
Garmendiaren esanetan <<tailerretan une berezi asko sortzen dira, gure barruko korapiloak askatu eta besteekin partekatzen ditugunean oso polita izaten da; askotan beste kideekin identifikatuta sentitzen gara eta horrek arindu egiten du daukagun motxilaren pisua. Barre asko ere egiten dugu elkarrekin, eta hori oso osasuntsua da.>>
Harituz elkartea
Udalak antolatu duen talde horrez gain, Harituz elkarteak ere helburu bera duen ikastaroa antolatzen du. Kasu honetan, 15 laguneko taldea da, 14 emakumek eta gizon batek osatua. Hauek, ikastaroa jasotzen duten hirugarren urtea da.