Albisteak
Atzealdea Ongizate emozionalari eta autozainketari buruzko doako ikastaroa
2022·12·01
Egungo gizartea oso lehiakorra eta zorrotza da eta eguneroko zurrunbiloak sarritan ito egiten gaitu; hainbat ardura pilatzen zaizkigu (lana, etxea, zaintza, etab.) eta ezin garela iritsi sentitzen dugu. Estresa gero eta hedatuago dagoen gaitza da; horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da nork bere burua zaintzea.
Hori dela eta, Astigarragako Udalak herritarren artean ongizate emozionala sustatzeko asmoz, “Ongizate emozionala eta autozainketa” ikastaroa martxan jarriko du 2023an. Ikastaro horrek nork bere kezkak partekatzeko eta nork bere burua behatzen eta hobeto ezagutzen ikasteko gune bat eskainiko digu. Ongizate emozionala izatea da bizitza osasuntsu, zoriontsu eta betea lortzeko oinarria. Horretarako, funtsezkoa da gure burua ezagutzen ikastea eta gure emozioak behar bezala hautematea eta adieraztea. Gutako bakoitza gure autozainketaren erantzule gara.
Ikastaroa
Tailer hauek doakoak izango dira, eta helburua bizitza osasuntsu, zoriontsu eta betea lortzeko baliabideak ematea eta probatzea.
Hauek dira tailerretan landuko diren gaiak:
- Nork bere burua behatzen eta hobeto ezagutzen ikasteko gune bat.
- Nork bere barruko korapiloak askatzeko tresnak
- Nork bere emozioak sentitzea eta lantzea
- Nork bere autoestimua hobetzea
- Estresa kontrolatzeko erlaxazio-teknikak
- Nork bere ongizatea lortzeko autozaintza-estrategiak
Formatzailea Saioa Garmendia izango da, ongizate emozionalean, coach pertsonalean, emozioen kudeaketan, adimen emozionalaren garapenean eta mindfullness-ean aditua (saioagarmendia.com).
2023ko urtarriletik ekainera eta irailetik abendura egingo da tailerra. Hilean bina saio egingo dira, hamabostean behin asteartero 18:00etatik 20:00etara, kultur etxe zaharrean. Lehen saioa 2023ko urtarrilaren 10ean egingo da.
Eman izena
Abenduaren 1etik 16ra bitartean eman dezake izena edozein astigartarrek, plazak bete arte. Plazak izen-emate ordenaren arabera banatuko dira eta lehentasuna Astigarragan erroldatutakoek izango dute. Izena emateko edo zalantzak argitzeko, idatzi berdintasuna@astigarraga.eus helbidera, deitu 638206586 zenbakira edo bete udal webguneko formularioa.