Albisteak
2021·03·03
2020an 87 herritarrek atera dute Buruntzaldean gidabaimena euskaraz
Hamaika urte dira Buruntzaldeko udalek eskualdeko autoeskolekin lankidetzan egitasmo hau martxan jarri zutela: Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatu eta gainditzen duten Buruntzaldeko herritarrak saritzen dira 400 euroko hainbat sari zozketatuz. Egitasmo honen helburua herritarrak euskara esparru honetan ere erabiltzera animatzea da.
2020an zehar 87 herritarrek eskuratu dute gidabaimena euskaraz, 2019an baino 37 lagun gutxiagok, baina 2020a pandemia urtea izan denez, berezia izan da arlo guztietan, eta esparru honetan ere eragina izan du. Hamaika urtean zehar 1.114 izan dira guztira Buruntzaldeko autoeskoletan euskaraz ikasi eta baimena eskuratu dutenak.
Bederatzi dira egitasmoan parte hartzen duten autoeskolak eta sarituak ere halaxe izan dira, 9; bat autoeskola bakoitzeko (Hernanin 3, Andoainen 2 , Lasarte-Orian 1, Astigarragan 1, Urnietan 1 eta Usurbilen 1): Otamendi, Hernani, Lagunak, Bengoetxea, Mendi, Mugica eta Solozabal (Autoeskola batzuk herri batean baino gehiagotan daude).
Egitasmoa indarrean dago 2021ean zehar ere, eta maiatzean indartu egingo da: 18 urte betetzen dituzten herritarrei gutun bat bidaliko zaie udaletatik gidabaimena euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emanez eta hala egitera animatuz.
Astigarragako saritua, Olaia Lizeaga
Astigarragako aurtengo saritua Olaia Lizeaga Otaño izan da, eta atzo jaso zuen saria Aintzane Barandiaran, Astigarragako Udaleko Euskara saileko zinegotziaren eskutik.