Albisteak

Nahi dugun Astigarragarantz bidea egiten jarraitzen dugu

Urritik daude martxan lau prozesuak, eta zazpi saio ireki egin dira orain arte. Azkena abenduaren 13an izango da eta denbora tarte horretan beste lau saio gehiago izango dira.

2023·11·20


Lau prozesuetan egin diren saio eta galdetegien emaitzak aberasgarriak izan dira eraiki nahi ditugun planak estrategikoak gauzatze aldera. Beraz, oso garrantzitsua da herritarrak hurrengo saioetara joatea, horregatik, parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Saio guztiak ordutegi eta leku berean izaten jarraituko dute, hau da, 18:00etan, Erribera kulturgunean.

Euskara

Hiru saio egin dira, familia eta hezkuntzaren ingurukoa batetik; kultura, aisia eta kirolari buruzkoa bestetik; eta azkenik, nerabe eta gazteei buruzkoa.

Prozesu honetan bi saio geratzen dira egiteko, arlo estrategikoak landuko dituzte horietan ere: lan-mundua azaroaren 23an; eta azkenik, euskalgintza 29ko saioan.

Saioen aurretik, aurre-diagnostiko bat osatu da. Udalerriko egoera soziolinguistikoaren argazkia ateratzeko, alde batetik, datu demografikoak, demolinguistikoak eta soziologoak aztertu dira eta, bestetik, herritarren iritzia jaso nahi izan da. Horretarako, hainbat gizarte esparrutan erreferentziazkoak diren 8 herritarrekin zuzeneko elkarrizketak egiteaz gain, 64 herritarren galdetegi-erantzunak jaso dira.

Toki Garapen Jasangarria

Lehendabizi Safaria jarri zuten martxan, hau da, zerbitzu diseinuak barne hartzen duen behaketa mota. Talde teknikoa Astigarragan barrena ibili zen bi egunetan herritarrei galdera hau eginez: Astigarragako herritar bezala, zerk kezkatzen zaitu? Safarian 67 pertsonek erantzun zuten galdera.

Galdetegia ere abiatu zen herritarren iritzia jasotzeko, paperean eta digitalean 47 pertsonek erantzun zuten.

Saio ireki bakarra egin da prozesu honetan, eta bertan egungo egoeraren analisia aztertu zen, azaroaren 8an; saioan 18 pertsonek hartu zuten parte.

Bi saio geratzen dira, dauden erronkak identifikatzeko 22an egingo dena; eta behin erronkak zein diren zehaztuta, azken saioan, abenduaren 13an, ekintza plana garatzen hasiko dira.

Horretaz gainera, datozen egunetan hainbat elkarrizketa egin nahi diren hainbat herritar eta eragileekin jorratutako gaietan sakontzeko.

Berdintasuna

Berdintasunean saio bakarra egin da, III.plana ebaluatzeko eta IV.ari begira lehentasunak eta erronkak definitzeko. Mahaiganeratu ziren erronken artean, gizonen inplikazioa lortzeko beharra aipatu zen, alegia, Udalak gizonei zuzendutako helburuak eta ekintzak zehaztea beharrezkoa zela adierazi zen. Une honetan III. Planaren ebaluazio eta egungo egoeraren diagnostiko txostena lantzen dihardute. Diagnostiko horretatik abiatuta, 2024aren hasieran, IV. planaren diseinatzen hasiko dira.

Irisgarritasuna

Lehenik, urriaren 24an auzo topaketak egin ziren, herritarren aldetik informazioa jasotzeko. Ondoren, azaroaren 7an herritarren beharrak jasotzeko galdetegia martxan jarri zen eta azaroaren 21era arte betetzeko aukera dago. Galdetegia, beraz, oraindik zabalik dago eta online edo papean bete daiteke herrian kokatu diren 8 postontzietako batean utziz: Udaletxean, kiroldegian, kultur etxe zaharrean, Erribera kulturgunean, Kiriketa haurreskolan, Herri Eskolan, Emakumeon Etxean eta Galtzaur elkartean. Galdetegiaren bidez euren zailtasunak adierazteko aukera dute bai kalean eta espazio publikoetan bai eraikin eta zerbitzu publikoetan.

Herritarrei zuzendutako lehen saio irekia ere aurrera eraman zen azaroaren 14an, non irisgarritasunean dauden beharrei buruzko egoeraren analisia egin zen. Eta, azken saioan, abenduaren 12an, irisgarritasun plan berritua diseinatzen hasiko dira.

Behin saio ireki guztiak amaitzen direnan, eta jasotako informazio guztia erabiliaz, helburua da arlo bakoitzari dagokion Plan Estrategikoa egikaritzea. Plan horiek, hurrengo urteetako eredu izango baitira udal politiketan. Planak 2024ko udaberrerirako prest egongo direla aurreikusten da, eta herritarrekin elkarbanatzeko eta aurkezteko saioak burutuko dira.

Prozesuaren inguruko zalantzak argitzeko: astigarragarantz@astigarraga.eus/ 688 850 760