Albisteak

Atzealdea Nabarra Oñatz 5 lokala (Astitxiki 2) Haurreskolak Partzuergoari lagatzeko egokitzapen lanak hasi ditu Udalak

Partzuergoak 2025-26 ikasturtean erabiliko du lokala

2025·07·14


Azken ikasturteetan, Kiriketa haurreskolako plaza guztiak bete egin izan dira, lehen hilabeteetan. Ikasturte osoan zehar, hainbat familia plazarik gabe geratu izan da.

Bestalde, azken urteotan herrian izaten ari den jaiotza-tasa altua, batetik, eta haurreskolen doakotasuna, bestetik, matrikulazio kopuruak gora egin du, nabarmen.

Aipatutakoa kontuan hartuta eta arazo horri irtenbidea emateko asmoz, elkarlanean aritu dira azken hilabeteetan Udala eta Haurreskolak Partzuergoa. Hori horrela, Udalak ahalegin berezia egin du Gizarte Ongizate saileko udal bulegoetako lanak hilabete batzuk atzeratzeko eta datorren ikasturtean, 2025-26 ikasturtean, Nabarra Oñatz 5 lokala Haurreskolak Partzuergoari uzteko.

Horretarako, Udalak hainbat egokitzapen egingo ditu lokal horretan, eta dagoeneko hasita daude: akabera-lanak egingo dira, sukalde txiki bat ere jarriko da, eta, amaitzeko, erremate batzuk egingo dira. Ipuru SL enpresa ari da lanak egiten, eta aurrekontua 32.827,14 eurokoa da. Lanak abuztuaren azken astean amaituko dira. Egokitzapen lanak amaituta eta Hezkuntza Sailaren aldetik instalazioen onarpena jaso ostean, Udalak Partzuergoaren esku utziko du ekipamendua; herriko familien beharrak asetu eta 2025-2026 ikasturteari begira ez-ohiko plaza gehiago sortzeko asmoz, kudeaketa Partzuergoaren esku geratuko da. 2025eko irailean emango da horren guztiaren berri.