Albisteak

Atzealdea Musikaren inguruko hausnarketa aurtengo Astigarraga Aldizkarian

Gaur arratsaldetik aurrera eskuratu ahal izango da aldizkaria herriko leku hauetan: Valella okindegia, Goxua okindegia, Erriberako Ogiberri okindegia, Ainhoa janaridenda eta udal liburutegia. Borondatezko ekarpen ekonomikoak egin daitezke.

2023·07·07


Musikaren bilakaera historikoa eta gaur egungo egoera sakon aztertu dituzte musikarekin zerikusia duten herriko talde, erakunde eta pertsonek. Hori guztia, beraien ekarpenen eta joan den maiatzaren 20an Murgia Jauregian egindako hausnarketa-saioaren bidez. Musika balio kulturaltzat hartuz, aldizkariaren gai nagusia da, bai idatziz, bai ikus-entzunezkoetan.

Bestalde, historiaren inguruko gaiak ere aurki ditzakegu aldizkarian: Astigarragako tranbia, emakume serorak eta haien praktikak eta “Orri zuriak betetzen” dokumentala.

Gai eta pertsona ezagunen atalean, herritar berrien eta gazteen gogoetak eta lehentasunak nabarmentzen dira, baita Lorena Lopez gizarte-langilearekin, Olatz Alkorta piraguistarekin eta Luis Telleria pinturaren maisuarekin egindako elkarrizketak ere.

Aipagarriak dira, halaber, kulturarekin eta kultur eragileekin zerikusia duten gaiak. Horrela, aurten Martin Ormazabalek gure kulturaren esparruan egindako lan handia jaso da, eta bereziki euskal dantzekin zuen lotura. Horrekin batera, literaturari beti godetzen zaio tartea aldizkarian, eta Urtzi Leonet, Irati Oskoz eta Koldo Mitxelena literatur lehiaketan saritutako gazteen ekarpenak nabarmendu nahi izan dira.

Espezie arrotz inbaditzaileak sakon deskribatzen ditu aldizkarian, Ion Garinek, Aranzadiko kideak.

Azkenik, herriko elkarte eta taldeen proiektu eta ekimenetarako lekua ere badu aldizkariak, besteak beste, Emakumeon etxea, Txirriskla, Urumeaberri GKE, Gure Izarra eta Astigarte.

Astigarraga aldizkaria ale berri honekin, 1.006 artikulu izatera iritsi da. Balio historiko eta soziokultural handiko dokumentu horiek 42 aldizkaritan daude eskuragarri, bai formatu inprimatuan, bai digitalean, Astigarraga Aldizkariaren webgunean.

Proiektu soziokultural hau garatzeko, ezinbestekoa da laguntzaile askoren ekarpena, herritarrena eta aldizkariko lantaldearen ahalegina. Lan hori guztia zein Udalaren dirulaguntza eta erakustokien bidez jasotzen diren ekarpenei esker lor daiteke aldizkariak duen izaera herrikoia.