Albisteak

Atzealdea Murrizketak Astigarragako A1 eta A2 autobus lineetan

Uztailaren 1ean Foru Aldundiak Buruntzaldeko autobus zerbitzu publikoaren zerbitzu berria jarriko du martxan eta Astigarragaren kasuan murrizketak egingo ditu. Bihar, 16:00etatik aurrera Foru Aldundiak Astigarragako taxi geltokian autobusa jarriko du eta bertan banatuko dituzte ordutegiak. Herritarrak bertara joan daitezke informazioa jaso eta iritzia ematera.

2021·06·28


Zerbitzu berriaren testuingurua

Buruntzaldeko autobus lineen zerbitzu berria jarriko du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 1ean, besteak beste Astigarragari zerbitzua ematen dioten A1 eta A2 lineen zerbitzu berria.

Zerbitzu berriaren lehiaketa 2017an hasi zuen Foru Aldundiak eta garai hartan Astigarragako EH Bilduk behin eta berriz adierazi zuen zerbitzu berrirako jarritako baldintzetan murrizketak aplikatzen zirela, eta, tamalez, horrela izango da.

Foru Aldundiaren idatzia Astigarragako Udalari

Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zuzendaritzak 2021-05-14an Udalari idatzia helarazi zion, adieraziz 2021eko uztailaren 1etik aurrera, "Tolosa, N-l eta Buruntzaldea eta Donostiarekiko loturak" errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraioaren zerbitzu publiko erregular berria hasiko dela.

Idatzi horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zuzendaritzak Astigarragako Udalari hurrengo bi proposamenen inguruan iritzia emateko eskatu zion:

  1. A1 linearen maiztasuna murriztea: ordubeteko maiztasunera pasatzea proposatzen dugu, gaur egungo 30 minutukoaren aurrean; eta A2 linearen maiztasuna handitzea, 30 minututik 20ra igaroz.
  2. A1 linearen ibilbidea aldatzea, ibilbide denbora murrizteko. Hau da:
    1. Astigarraga udalerrira sartzea saihestea (Pilotari, Galtzaur 8, Galtzaur 24 Donostiarako noranzkoan eta Pelotari kalea eta Kale Nagusia Hernanirako noranzkoan bertan-behera utziz), Astigarragan A2 linearen ibilbide bera eginez.
    2. Donostiara sartzeko ibilbidea aldatzea: "Loiolako topoa" geralekutik, "Loiolako erriberak', "Madril etorbidea, 3" eta "Antso Jakituna, 33" geralekuak egingo lirateke, "Okendo" geralekuraino. "Bartzelona 35", "Bartzelona 15", "Gregorio Ordoñez" eta "Madril etorbidea, 19" geralekuak bertan behera utziz.
  3. Aurreko bi aukerak batera aplikatzea.

Hori guztia ikusita, Astigarragako Udalak, batetik, Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zuzendaritzari bilera bat egiteko hitzordua eskatu zion (bilera hori 2021-05-20an egin zen) eta, bestetik, herritarrekin bilera ireki bat deitu zuen (maiatzaren 20ko arratsaldean egin zena), herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko.

2021eko maiatzaren 20an Aldundiarekin egindako bileran, Astigarragako Udalak aipatutako neurrien aurkakotasuna adierazi zuen baina Udalak posizioa herritarrekin konpartitu eta adostu nahi zuela adierazi zuen eta maiatzaren 26rako Foru Aldundiak egindako proposamenei erantzuteko konpromisoa hartu zuen.

2021eko maiatzaren 20ko arratsaldean herritarrekin egindako batzarrean, herritarrekin adostu zen Aldundiari eskatzea hurrengo gutxieneko hauek bermatzeko:

  • A1 linea, gutxienez, 30 minutuero izatea.
  • A2 linea 20 minutuero izatea.
  • A1 linearen ordutegiak eskola sarrera-irteeretara egokitzea.

Astigarragako Udalak ekarpen horiek idatziz helarazi zizkion Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zuzendaritzari 2021-05-26an.

Foru Aldundiaren erantzuna

Horren ondotik, 2021-06-16an, Foru Aldundiak Astigarragari idatziz jakinarazi zion bere erabakia: batetik, A2 linea bere horretan mantenduko da, maiztasuna handitu gabe; A1 linea orduerdiro izango da, baina geltokiak murriztuta. Asteburuetako zerbitzuari buruz idatziak ez du xehetasunik ematen.

Murrizketak

Gipuzkoako Foru Aldundiak “Tolosa, N-I, Buruntzaldea eta Donostiarekin dituzten loturak errepideko herriarteko bidaiarien garraiorako zerbitzu publikoaren bidez emateko emakidaren” kontratuan agertzen denez (kontratua argitaratuta dago), Astigarragako lineetan hurrengo murrizketak aplikatuko dira:

Hau da, astegunetan zerbitzua %5 murriztuko da, larunbatetan %31 eta igandetan, aldiz, %42.

Biztanle kopuruaren hazkundea eta garraio publikoa

Astigarragak, gutxienez 2014tik autobus zerbitzu berdina jasotzen du eta ordutik hona Astigarragaren biztanleria 1.700 pertsona gehiagotan hazi da (hau da, %31,9ko hazkundea izan du). Halaber, Astigarragak garraio publikoko zerbitzu bakarra du, A1 eta A2 lineek osatzen dutena. Azken urteotan zerbitzu hori oso eskasa izan da eta gorabehera ugari gertatu dira (autobusetan matxurak, garbitasun eza, irisgarritasuna bermatzen ez duten autobusak, herritarrak geltokian geratzea autobusean lekurik gabe...). Horren ondorioz, astigartar askok garraio publikoa baztertu egin dute ez dielako ziurtatzen kalitatezko zerbitzurik lanera edo ikastera modu duinean eta garaiz iritsi ahal izateko.

Hori guztia kontuan hartuta, ez da onargarria biztanle kopuruan %32 hazi den herriari autobus zerbitzuan %25eko murrizketa aplikatzea.

Horrekin batera, zerbitzu berriak geltokien kopurua murriztuko du, izan ere, A1 linearen Astigarraga barruko geltokiak desagertu egingo dira, herritar askoren irisgarritasuna zailduz.

Beste aukera batzuk

Astigarragako Udalak landu eta onartu duen Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planak beste aukera batzuk mahai gainean jarri ditu, hain zuzen ere Donostiako Udalaren dBus zerbitzuaren bi linea luzatzea (batetik, dBusen 26. linea, Martutenera iristen dena; eta, bestetik, 35. linea, Antiguo-Aiete-Ospitaleak). Donostiako Udalarekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean landu behar diren aukerak dira eta Udala jarri da bi erakunde horiekin harremanetan aukera horien bideragarritasuna aztertzeko.

Mozioa 2021-06-29ko plenora

Hori guztia kontuan hartuta, Udal Gobernuak biharko (2021-06-29ko) Osoko Bilkurara mozioa aurkeztuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera hauek egiteko:

  • Astigarragako zerbitzuetan murrizketarik ez aplikatzea eta, areago, baliabideak handitzea, biztanle kopuruaren hazkundeari eta astigartarren eskariari egoki erantzuteko.
  • A2 (zerbitzu berrian BU13) linearen maiztasuna handitzea eta 20 minutuerokoa izatea.
  • A1 (zerbitzu berrian BU12) linearen maiztasuna orain artekoa izatea, hau da 30 minutuerokoa izatea eta Astigarragako herri barruko geltokiak ez kentzea.
  • Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Astigarragako Udalaren arteko lan mahai bat sortzea, Astigarragako garraio publikoa hobetzeko beste aukerak aztertzeko (dBusen 26 eta 35. lineak Astigarragara luzatzeko aukera).