Albisteak

Atzealdea Mugikortasun astea trafikoan hainbat proba egiteko probestuko du Udalak

Mugikortasun asteak irauten duen bitartean udalak hainbat errepide itxi eta mugatu egingo ditu oinezkoen eta txirrindularien mesedetan. Bestetik, Irailaren 17an arratsaldeko 19:00etan ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak zein diren azaltzeko batzarra antolatu da.

2020·09·15


Irailaren 16tik irailaren 22ra bitartean Europako Mugikortasun Astea ospatuko da. Urtero bezala Udalak hainbat ekimen antolatu ditu baina aurten, Covid-19aren pandemiaren ondorioz, adinekoekin eta txikienekin egiten ziren ekitaldiak ez antolatzea erabaki da eta beraz, ekintza ugari bertan behera geratu dira.

Irailaren 17an, Udaletxean, arratsaldeko 19:00etan ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak zein diren azaltzeko batzar informatibo bat antolatu da. Edukiera mugatua denez, irailaren 15era arte egongo da aukera izena emateko.

Hala ere, mugikortasun asteko ekimen garrantzitsuenak trafikoaren behin-behineko moldaketekin zerikusiak direnak izango dira. Aste honetan zehar oinezko eta txirrindulariei ibilbide seguruagoak eskaintzeko ahalegina egingo du udalak eta bide batez ere, errepide eta kaleetan hainbat moldaketa eginez, trafikoan sor daitezken eraginak aztertuko ditu Udalak. Aldaketak hurrengoak izango dira:

  • Kale Nagusia norabide bakarreko kalean bilakatuko da, hain zuzen ere, bi errailetatik bakarrera pasako da Kale Nagusia 40tik (Bodeguilla tabernatik) Anuskaraino (Galtzaur kalea hasten deneraino). Aldaketa honekin oinezkoei espazio gehiago eta bizikleta erabiltzaileei segurtasun gehiago eman nahi zaie.
  • Bidebitarte poligonorako sarrera eta irteera bakarra baimenduko da, hain zuzen ere, sarrerako (Portutxoko) biribilgunetik. Horrela, poligonoko Donostia Ibilbideko sarrera itxita, bertatik pasatzen den bidegorriko erabiltzaileei segurtasun gehiago ematea lortuko litzateke. Bidegurutze honetan azken urteetan hainbat ezusteko gertatu dira txirrindu eta autoen artean eta Udalak itxiera honek poligonoaren trafikoan izan lezaken eragina aztertu nahi du.
  • Sarrerako (Portutxoko) biribilgunean Martutenetik Perurenara doan bidezidorra itxiko da, bertatik gurutzatzen den bidegorriari eta oinezko bideko erabiltzaileei segurtasun gehiago emateko. Ekimen honekin autoei espazio bat kenduko zaie eta oinezkoentzako espazio berri bat berreskuratuko da.

Aldaketa hauek irailaren 22ra arte iraungo dute.