Albisteak
Atzealdea Mintzalaguna ekimena martxan Astigarragan
2019·11·05
Mintzalaguna ekimena euskaldun berriak ( ikas-prozesua orain dela gutxi amaitu dutenak edo horretan dabiltzanak) eta euskaldun zaharrak (eguneroko jardunean euskara erabiltzen dutenak, ez da beharrezkoa alfabetatua izatea), talde txikietan (3, 4 lagun) biltzea litzateke (kafea hartu, bidegorrian paseotxo bat eman...).
Zerbitzu hau, euskara zabaltzeko asmoa duen jendea, gustu, interes eta disponibilitatearen arabera batzeko eta ekintza osagarriak antolatzeko da. Hizkuntza gaitasuna eta erabiltzeko ohitura sustatzeaz gain, euskaldunon arteko elkar ezagutza bultzatzen da. Horrela, hizkuntzaren kalitatea hobetzea eta erabilera esparru berriak eskuratzea lortzen da.
Eskatzen den konpromiso minimoa astean ordubete egitea da.
Gurasolagun
Mintzalaguna ekimenetik sortu den programa honek azaroan 3 saio egingo ditu, bakoitza bi ordukoa. Azaroaren 11, 18 eta 25ean.
Bost helburu lortu nahi dira programa honen bitartez:
1.-Euskara ikasleari praktikaren bidez euskara maila hobetzeko aukerak ematea.
2.-Euskaraz dakienari hitz egiteko beste lagun batzuk aurkeztea eta bere euskararen harreman sarea handitzea.
3.-Euskararentzat gune berriak eskuratzea; kafetegiak, plazak, parkeak.
4.-Familian hizkuntza ohiturak aldatzen hastea.
5.-Haurrek gurasoek egindako ahaleginaz jabetzea eta hori baloratzea.
Euskara ondo menderatu eta euskara ikasten ari diren gurasoak euren umeekin batera elkartzen dira. Horretarako, taldeetan haurrak eta gurasoak batera arituko dira eta umea izango da talde horien gakoa, umerik ez balego, mintzalagun talde arrunta izango litzateke.
Umeak eskolatik ateratzean, eskolako patioan bertan elkartu daitezke gurasolagunak. Eta baita, familian ekintza osagarriak egin: ludoteka, tailerrak, txangoak...
Talde ezberdinetako guraso eta umeek elkar ezagutzeko baliagarriak dira. Talde horietan parte hartzeko euskara maila minimoa behar da, komunikazioa uneoro euskara hutsez izango da eta.
Ekintzak familian egitekoak direnez, gurasoek parte hartu behar dute. Hainbat tailerretan, esaterako; pizza tailerra, papiroflexia... haurrek gurasoen laguntza beharko dute.
Zilegi eskola
Hernanialdeko euskaltegiek antolatutako programa da hau, herritarrek eta euskaltegiko ikasleek parte hartzeko.
Norberaren intereseko ekintzak antolatzen dira, gustuko gauzak eginez hizkuntza eskuratzea du helburu.
Normalean 2 orduko iraupena izaten dute saioek, ekintzaren arabera astean bitan edo gehiagotan ere egin daiteke.
Oso programa irekia da, eta aukera ezberdinak ematen dituena. Mota guztitako gaiak landu daitezke, eta edozein motatako espazioetan gainera.
Proposamenak egin daitezke, bai saioa antolatzeko eta baita parte hartzeko ere.