Albisteak
Atzealdea Matrikulazio epea zabalik Astigarragako AEK euskaltegian
2025·09·25

Ikasturte berrirako eskaintza zabala izango du Astigarragako AEK euskaltegiak, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. 'Euskara eroso bizitzeko' da kanpainarako hautatu duten leloa, eta herritar guztiei egin diete apuntatzeko gonbidapena.
Herritar askok euskara maila bat eskuratzea izan ohi dute helburu, beste batzuek ezagutzan eta erabileran aurreratu nahi izaten dute eta AEKn behar guztietara egokitzen diren ikastaroak eskaintzen dira.
Euskaltegian izena emateko hiru bide daude: Astigarragako AEK euskaltegian presentzialki (Kultur Etxe Zaharra), 607 61 06 87 telefono zenbakira deituta edo astigarraga@aek.eus helbide elektronikora idatzita.
Udalaren dirulaguntzak euskara ikasteko
Astigarragako Udalak euskara ikastera animatu nahi ditu herritarrak. Eta ahalik eta erraztasun handienak eman nahi dizkie astigartar guztiei.
Indarrean da urteroko euskara ikasteko laguntza deialdia. Dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute 2024-25 ikasturtean edo 2025eko udan euskaltegi homologatu batean euskara ikasten edo hobetzen jardun duten astigartarrek, baita 2025-26 ikasturterako dirulaguntza aurreratzekoa ere. Aurten, orotara, 32.400 euro bideratuko ditu Udalak.
Udalak matrikula kostuaren % 75 eta % 100 arteko dirulaguntza emango die euskaltegietan matrikulatzen diren astigartarrei; beti ere, HABEko dirulaguntzen osagarri. Oro har, matrilkularen %75 lagunduko da eta, berariaz, matrikularen %100, ondorengo baldintzaren bat betetzen dutenei: egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrei; langabetu, jubilatu, erretiratu, pentsiodun edo ikasleei; desgaitasunen bat aitortua dutenei, 0-12 urte bitarteko guraso edo legezko tutoreei eta familia ugariko kideei; herrian merkatari edo ostalari gisa lan egiten duten langileei; azken hiru urteetan 3 maila gainditu dituztenei eta, oro har, A0 eta A1 mailako ikasle guztiei.
Laguntza eskaerak urriaren 10era bitartean eskatu daitezke; udalaren egoitza elektronikoaren bidez, edo paperean, Astigarragako udaleko Erregistro Orokorrean ( Foru Plaza, 13).
Laguntzei buruzko informazio guztia.
Bi egitasmo, ikasitakoa praktikan jartzeko
Klasean ikasitakoa praktikan jartzeko bi programa daude martxan Astigarragan. Lehenengoa Mintzalagun programa da; bertan astean behin talde txikitan elkartzeko aukera izango dute izena ematen dutenek. Bigarrena, aldiz, Gurasolagun egitasmoa da; kasu honetan, familien arteko giroa euskalduntzea da xedea.
Egitasmoei buruzko informazioa nahi dutenek 665 677 821 telefono zenbakira deitu dezakete.
