Albisteak
Atzealdea Martxoko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen Udalak atzo
2026·04·01

Hainbat obra eta proiektuk hartu zuten leku esanguratasua batzarretan
Astigarragako egungo kiroldegia eraberritzeko eta handitzeko lanen obra-kontratua
Astigarragako kiroldegia eraberritzeko eta handitzeko obraren prozesua aspaldi hasi zuen Udalak, proiektua eta lehiaketa eginak, atzo kontratazioa-espedientea esleitu zen, Construcciones Urdinberri SL enpresari, BEZik gabe 6.706.899,27 eurotan ( 8.224.568,32 BEZ barne), bera izan baita lehiaketan puntuazio altuena lortu duen enpresa. Bestalde, obren zuzendaritza fakultatiboa emateko zerbitzu-kontratua ere esleitu zen, XLARK Estudio de Arquitectura y Urbanismo Anton Pagola y Asociados SLP enpresari, BEZik gabe 160.975,29 eurotan, bera izan baita lehiaketan aurkeztu den enpresa bakarra.
Esleipenak eginda, Udala laster hasiko da enpresa horiekin, besteak beste, kontratuak sinatzen eta zuinketak egiaztatzen, eta obrak uda aurretik hasiko dira.
“Zarkumendegi” H.E.A. 21eko hiritartze lanen 2.fasearen aldaketa proiektua
Zarkumendegi bigarren fasea deritzoguna futbol-zelaiaren ondoan aparkaleku gisa erabiltzen den eremuari dagokio.
Proiektuari oniritzia eman zitzaion Osoko bilkuran.
Proiektatutako soluzioa aparkalekuaren berrantolaketa integrala da, 100 aparkaleku sortuz, autobus geltoki eta espaloiekin. Euri-urak biltzeko sare bat egingo da, eta aparkalekuak argiteria izango du. Aparkaleku-plazak pinturarekin mugatuko dira, eta galiboa kontrolatzeko arkupeak jarriko dira sarreran eta irteeran. Bestalde, espaloiaren eta futbol-zelaiaren artean dagoen gunea berdegune gisa egokituko da. Eremu horretarako, zoladura zaharra eraistea, landare-lurra zabaltzea eta zuhaitzak landatzea aurreikusi da. Futbol-zelaiaren ezpondarekin muga egiten duen itxitura ere berrituko da.
Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 747,804.39 eurokoa da, eta Construcciones Moyuak hartuko du bere gain.
Udal inbentarioko 45. bidearen konponketa, egokitzapen eta hobekuntza lanen memoria balioztatua.
Arraspiñetik gora doan landa bidean konponketa, egokitzapena eta hobekuntza lanak egiteko, 2025ean, memoria tekniko bat idatzi zen aipatutako obren deskribapenarekin. Oraingoan, besteak beste, lizitaziorako aurrekontua eguneratzeko asmoz, memoria berrikusi da eta astearteko Tokiko Gobernu Batzordean memoria balioztatuari oniritzia eman zitzaion.
Donostia ibilbideko bidegorri nagusia eta anbulatorio berria lotuko duen bidegorria
Donostia Ibilbideko 88 eta 90 pabilioien artean dagoen kalean hirigintza lanak gauzatzeko proiektua, Donostia ibilbideko bidegorria eta oinezko bidea Urumea kaleko bidegorri eta multikirol eremuarekin modu seguruan eta irisgarrian lotuko dituena, eta etorkizunean bertan kokatuko den anbulatorioarekin ere.
Proiektuan aurreikusten diren lanak bizikleta-bidea eta oinezkoentzako bidea egitea, lorategidun gune bat eta obren ondorioz kaltetuko den galtzadaren zatia berreraikitzea dira. Oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabideetan, galtzadaren kota igoko da, oinezkoentzako bidearekin lerrokatzeko eta, horrela, bide horren trazadura erosoagoa izateko.
Proiektuak Tokiko Gobernu Batzarrean oniritzia jaso zuen.
Kale izendegian hainbat aldaketa onartu ziren
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE/EIN) aldaketa batzuk egiten ari da eta Udalari jakinarazi dio kaleen izen generikoen eremuak bost karaktereko luzera onartzen duela gehienez ere eta, beraz, hortik gorako bide-izen generikoak laburtuta geratzen dira. Beraz, hori kontuan hartu eta kale-izendegia homogeneizatze aldera, herriko helbide batzuk aldatzea onartu zuen Osoko Bilkurak: Foru enparantza aurrerantzean Foru plaza deitzea, Errekatxo enparantza aurrerantzean Errekatxo plaza deitzea, Norberto Almandoz enparantza aurrerantzean Norberto Almandoz plaza deitzea eta Ergobia plazatxoa aurrerantzean Ergobia plaza deitzea.
Hainbat mozio aurkeztu ziren Osoko Bilkuran
Norberto Almandoz plazan azokarako estalki bizia eraikitzeko obra hasi aurretik, lorategi-eremuko zuhaitzak, heskaiak eta zuhaixkak birlandatzeko eta kokatzeko proposamenari buruzkoa.
Mozio hau ez zen aurrera atera Osoko Bilkuran.
Udal talde sozialistaren mozioa, Mugikortasunaz herrian eztabaidatu eta adosteari buruzkoa.
Mozio hau ez zen aurrera atera Osoko Bilkuran.
Astigarragako EH Bilduren mozioa, autobus zerbitzuari buruzkoa (Mozioa onartuta geratu zen EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-Eeren aurkako botoarekin).
Astigarragak hiri arteko autobus zerbitzuarekin duen egoera txarra eta dituen gabezia larriak aspaldiko kontua dira, eta konponbide egoki eta iraunkorrik ez da hartu. Hori dela eta, udal taldeak beste behin mozioa aurkeztu du.
Mozioan datu demografikoak eta Udalak emandako urratsak aipatzen dira eta horrekin batera, autobus zerbitzuaren gabezien laburpena ere egiten da, honakoa:
- Jendea geltokian geratzen da urtean zehar askotan
- Herria asko hazi da eta autobus zerbitzua ez. Emakida berriaren aurretik zerbitzu hobea zuen Astigarragak.
- Geltokiak murriztu egin dira emakida berriarekin. Herri barruko 4 geltoki ezeztatu ziren; guztira 8 zeuden. 4
- Arazo handienak gertatzen dira Astigarragako azken geltokian, Donostiarako noranzkoan. Azken geltokia denez, ohikoa da geltoki horretara autobusa gainezka etortzea.
- Ziurtasunik ez da eta kalitatea txarra. Herritar asko azken geltokitik aurretik dauden geltokietara joaten da, lekua ziurtatzeko.
- BU13 bereziki linea egokia denez Donostiako erdigunera joateko, hernaniarren linea horren erabilpena ikaragarri igo da. Ondorioz, linea horretako autobusak oro har gainezka iristen dira Astigarragara.
Astigarragako Udaleko Osoko Bilkurak hurrengoa adierazi eta eskatzen du:
- Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio BU12 eta BU13 lineak indartzeko modu iraunkorrean
- Herritarrak sarri geltokian geratzen direnez, arazo hori konpontzeko plangintza zehatza egin eta Astigarragako Udalarekin eta herritarrekin partekatzea.
- Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio Astigarragako lineen erabilpenari buruzko txosten xehatuak egiteko eta Astigarragako Udalarekin eta herritarrekin partekatzeko.
- Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio ospitale eta unibertsitateko linea abian jartzea orduerdiroko maiztasunarekin astegunez eta odubeteko maiztasunarekin asteburuetan, Astigarragako lau geltokietara iritsiz.
- Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio gutxieneko kalitatea ziurtatzeko • Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio, urte luzez ez entzunarena egin ondoren, aurrez aurreko eta ahozko komunikazioak indartu eta gehitu diren moduan, autobus zerbitzuaren inguruko komunikazioak idatziz helarazteko Astigarragako Udalari.
- Astigarragako Udalak berretsi egiten du mugikortasun jasangarriarekin eta irisgarritasunarekin duen konpromisoa, urtez urte hainbat egitasmotan gauzatzen ari dena, eta berretsi egiten du, halaber, 2026ko ekitaldia amaitu aurretik hiri barruko autobus zerbitzua abian jartzeko konpromisoa.
MUGItu Astigarraga plataformaren mozioa, autobus zerbitzuari buruzkoa. (Mozioa onartuta geratu zen EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin)
Azken urteetako kronologia txiki bat egiten du Plataformak eta ondoren beren eskaera luzatzen dute: MUGItu Astigarraga plataformak adierazi nahi du:
- Hasierako eskaerei eta aldarrikapenei eusten diela.
- BU12 autobusaren maiztasuna handitzea eta ibilbidea lehengoratzea
- BU13 autobusen maiztasuna handitzea
- Beharrezko den kasuetan, zerbitzuak indartzea
- Astigarraga ospitaleekin edo unibertsitateekin lotzeko autobus zerbitzu egokia.
- Ordubeteko maiztasuna duen zerbitzua ez da nahikoa, are gutxiago Astigarragan 2 geltoki bakarrik izango dituena eta ospitaleen eremuan geltokia Onkologikoaren parean izango duena.
- Astigartar askok egiten dutela bat plataformaren eskaerekin, azkeneko asteetako kontzentrazio eta manifestazioak erakusten duten moduan, eta adin, iritzi eta ideologia askotako herritarrak biltzen direla bertan, hasierako helburu bakarrarekin: autobus zerbitzu duina.
- Autobus zerbitzu duina honakoa dela: inguruko herriekin, bestelako garraiobideekin eta zerbitzuekin lotuko gaituena, eguneroko zereginetara nahiz gertakari berezietara joateko aukera bermatuko diguna, maiztasun egokia izango duena, inor geltokian utziko ez duena eta gutxieneko erosotasunez eramango gaituena.
- Ahalegin zintzoa egin duela Astigarragako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako zinegotziekin biltzeko eta elkarlanean aritzeko, baina erantzuna ez dela egokia izan, batzuetan hutsaren parekoa. 5
- Astigarragako Udalak etengabe izan dituela ateak zabalik plataformarentzat eta komunikazio etengabean aritu dela plataformarekin.
- Uneoro prest izan garela Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin hitz egiteko eta biltzeko, betiere plataformaren helburua ahaztu gabe: autobus zerbitzu duina.
- Aipatutako departamentuak behin eta berriz medioetan adierazitako elkarlana ez dela benetako elkarlana izan, informazio emate hutsa baizik. 8
- Ikusten dituela Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak norabide egokian hartu dituen erabakiak, nahiz eta oraindik ez diren gauzatzen hasi.
- Prest dagoela zerbitzua hobetzeko xedez plataformarekin bildu nahi duen eragile edo erakunde ororekin elkarlan benetako eta zintzoan aritzeko, elkarrekiko errespetuan eta informazio truke gardenean, manipulazio eta erabilera maltzurrik gabe.
Dirulaguntzek ere izan zuten tokia batzarretan
Kirola eta gazteria arloko lehia bidezko dirulaguntza oinarriak eta deialdia.
Kirol arloko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartu ziren Tokiko Gobernu Batzordean. Dirulaguntza hauek Astigarragan, kirolaren arloan, 2026. urtean garatuko diren kirol ekintza puntual eta kirol proiektuak laguntzeko xedea dute, Udalak horretarako 15.000 euro aurreikusi ditu.
Deialdia GAOn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epea izango da eskabideak aurkezteko.
