Albisteak
Atzealdea Martxoak 8: Emakumeen Nazioarteko Eguna
2023·03·08
Udalak, martxoaren 8ko adierazpena onartu zuen aho batez Osoko Bilkuran, ondorengoa da:
Martxoaren 8a, Zaintzen duen herria helburu
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Emakume guztien eskubideak aldarrikatzeko eguna. Aurtengoan, Euskal Herriko mugimendu feministak, Denon bizitzak erdigunean lelopean, zaintzaren sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzeko deia luzatzen du.
Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela ukaezina da. Genero-desberdintasun estrukturalek hor jarraitzen dute. Emakumeen gain jartzen da zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea. Zaintza sektorea erabat merkantilizatuta, feminizatuta, prekarizatuta eta desaraututa dago. Pandemiak agerian utzi du feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da.
Krisi honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan. Gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz. Bada garaia denon bizitza erdigunean jarriko duen eraldaketa sozial baten bidean pausoak ematen hasteko.
Horregatik guztiagatik, Astigarragako Udalak honako hau erabaki du:
- Astigarragako Berdintasunerako III. Plana (2020-2023 epealdiari dagokiona) ebaluatzea eta egungo erronkak identifikatzea.
- Eguneko arreta zerbitzua berraztertzea eta berrartzeko baldintzak zehaztea. Une honetan bertan behera dagoen zerbitzu honen helburua honako hau da: mendetasun-arriskuan edo mendetasun-egoeran (I. graduan) dauden adinekoei autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzen eta gizarteratzen laguntzea, isolamendu-egoerak konpentsatuz, behar izanez gero.
- Etxez etxeko laguntza-zerbitzua gauez emateko beharrik ote dagoen, horrek izango lituzkeen ondorioak eta bideragarria izango litzatekeen aztertzea. Gaur egun egunez ematen da zerbitzu hau.
- Zaintzaileen ongizate emozionala zaintzeko eta sustatzeko aukerak aztertzea. Udalak helburu horrekin “Zaintzailea zainduz” tailerra antolatu zuen. Abiapuntua hori izanik, aztertu nahi dugu batetik, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileentzako GFAk eskaintzen duen “Sendian” programaren indarguneak eta hobetzekoak eta, bestetik, mendekotasun arriskuan dauden pertsonen zaintzaileentzat antolatu daitezkeen ekimenak.
- Bakardade egoeran dauden pertsonen ongizatea nola sustatu daitekeen hausnartzea (bereziki landa-eremuan bakarrik bizi direnen egoera aintzat hartuta).
- 2021-2022an burututako herriko eta Udaleko zaintzaren eta erantzunkidearen egoerari buruzko diagnostikoaren lanketa egitea.
- 2017ko irisgarritasun-plana eguneratzea dugu prozesu parte-hartzaile baten bidez, herria pertsona guztientzat, haien egoera edo gaitasunak edozein direla ere, irisgarria izan dadin nahi dugulako.
- Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, hasteko eta behin, Martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez. Hortik aurrera landuko den prozesuan eragile aktibo bezala parte hartzeko eta ardurak hartzeko konpromisoa adierazten dugu.